Eusko Jaurlaritza uda aurretik tramitatzen hasiko da BGAE-en dekretu berria, non inbertsio errentagarri eta aseguruen esparru berriak sartuko diren

0

Hernando Lacalle Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak gaur iragarri duenez, uda baino lehen hasiko dira BGAE – borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen dekretu berria tramitatzen, haien araudia eguneratzeko. Dekretu berriak barne hartuko dituen gaien artean daude gizarte-aurreikuspeneko tresna horien inbertsioetarako egokiak diren aktiboak eguneratzea, merkatuen egungo beharretara egokituta, inbertsio errentagarri eta seguruak bilatzeko une konplexu eta hegakor hauetan.  Dekretu berriak, gainera, inplikatutako eragileekin adostuta, administrazio-gastuen ondoriozko komisioak edo kobrantza modalitateak jorratuko ditu, beste alderdi batzuen artean. Eusko Jaurlaritzaren helburua da hura urteko azken lauhilekoan onartuta izatea.

Adierazitako dekretuan lehentasunezko BGAE-etan sakontzen da, orokortze handiagoa, Gizarte Segurantzaren pentsioaren benetako osagarritasun bat, lortzeko bide gisa, prestazioak nahitaez errenta moduan (biziartekoa, kasu askotan) eta kotizazio-karrera luzeen moduan ematen baititu. BGAE eredu hori da Europako enplegu-sistema osagarrietan zabalduena.

Lacallek nabarmendu du Euskadiko BGAE-en Federazioarekin eta gizarte-eragileekin batera egindako lana, gizarte-aurreikuspen osagarria negoziazio kolektiboaren bidez orokortzea sustatzeko, sistema osagarriak biztanleria okupatuaren % 70era gutxienez zabaltzeko helburuarekin, une honetan % 27k bakarrik baititu BGAE modalitate horretako sistemak.

Hona hemen sailburuordeak azaldu dituen parametroetako batzuk:

Balantze-zifra. Aurreikuspen-planak dituzten BGAE-en ondarea 26.887 milioi eurokoa izan zen, aurreko ekitaldiko zifraren aldean 2.194 milioi euroko murrizketarekin. Termino makroekonomikoetan adierazita, ondare hori 2022ko euskal BPGd-aren % 31,64 da (84.973 milioi euro).

Ekarpenak. Aurreikuspen-planak dituzten BGAE-en ekarpenen ondoriozko diru-sarrerak % 1 inguru murriztu ziren 2022an, aurreko ekitaldikoen aldean. Hala ere, portaera desberdina izan da BGAE modalitateen arabera. Izan ere, enplegu modalitateko BGAE-ei egindako ekarpenen eta kontribuzioen ondoriozko diru-sarrerak % 4,61 igo dira, eta modalitate indibidualeko BGAE-ei egindako ekarpenek, berriz, % 5,89ko atzerakada izan zuten.

Kobratzeko modalitateak. Enpleguko BGAE-etan kobratzeko modu nagusia errenta aktuariala da (% 61), eta hori bat dator BGAE-en helburu sozialarekin. Bestalde, BGAE indibidualetan kontrakoa gertatzen da, jasotakoaren % 78 kapital moduan jaso baita, aurreko ekitaldian baino ehuneko hiru puntu gehiago.

Erreskateak. Erreskatearen ondoriozko gizarte-aurreikuspen osagarriaren sistematik kendutako zenbateko osoa (prestazioren bat sortu aurretik eskubide ekonomikoak erabiltzea) 117 milioi eurokoa izan zen. Hala, % 2ko gehikuntza izan da aurreko ekitaldian erreskatatutako zenbatekoaren aldean.

Administrazio-gastuak. BGAE indibidualen batez besteko portzentajea % 1,27koa izan zen, eta enpleguko BGAE sektorialetakoa % 0,41ekoa.

Errentagarritasuna. Aurreikuspen-plan indibidualek –% 10,63ko batez besteko errentagarritasuna lortu zuten. Errenta aldakorreko planek metatu zuten batez besteko errentagarritasun negatiboena, –% 14,26koa. Bestalde, errenta finko mistoko planek –% 10,98ko batez besteko errentagarritasuna lortu zuten. Enpleguko aurreikuspen-planen batez besteko errentagarritasuna –% 5,28koa izan zen.

Ekitaldi bakar baten errentagarritasun-faktoreak ez du inoiz izan behar aurreikuspen-sistema horien funtsezko elementua. BGAEak epe luzerako aurrezpen-sistemak dira. Kotizazio-karrera luzeek eta epe ertainean errentagarritasun positiboek eta kudeaketa-gastu egokiek pentsio osagarrien gehikuntza handiagoa eragingo dute gure gizartean.

Inbertsioak. Bazkideen % 69k, adina edozein dela ere, errenta finko mistoko planen alde egiten dute, eta errenta aldakorreko aktiboetan inbertitutakoa ez da % 30era iristen. Portzentaje hori % 92ra heltzen da enplegu-planetan. Enpleguko BGAE-en eta BGAE indibidualen funtsen % 38 etxeko merkatuan inbertituta daude, % 49 euroguneko herrialdeetan eta gainerako % 13a euroaz kanpoko eremuko herrialdeetan.