- Era horretan, Jaurlaritzak erosketa eta kontratazio publikoa finkatzen du, Erosketa eta Kontratazio Berdearen 2030erako Programa 2021eko abenduan onartu ondoren
- 2022an, ingurumen-irizpideak barne sartu zituzten lizitazioak osoko aurrekontuaren ia erdira iritsi ziren
- Halaber, sektore publikoak sustatutako eraikuntza-lanetan ikuspegi egokia errazteko gida bat aurkeztu da
Eusko Jaurlaritzak kudeaketa berdearen alde egiten jarraitzen du, hots, jasangarritasunak gidatuta egoteaz gain bere politika guztietan zeharkako eran presentzia duen kudeaketa berdearen alde. Horri begira, gaur aurkeztu da, Gasteizen, ingurumen-ikuspegia Euskadiko erakunde publikoen erosketa eta kontratazioan bultzatuko duen neurri berri bat: bete beharreko instrukzio bat, Eusko Jaurlaritzako Sail guztiek eta bere sektore publikoak lizitazioetan sartu behar dituzten gutxieneko ingurumen-klausulak ezartzen dituena. Era horretan, 2021eko abenduan onartutako Erosketa eta Kontratazio Berdearen 2030erako Programarekin Jaurlaritzak berak hartutako konpromisoei erantzuten zaie.
‘Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Instituzionalaren eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeen erosketan eta kontratazioan ingurumen-klausulak txertatzeari buruzko instrukzioa’ izenburupean, neurria honako hauei zuzenduta dago: sailetako zerbitzu edo kudeaketa ekonomikoko zuzendaritzak, organismo autonomoen zuzendaritzak, zuzendaritza-organoak eta EAEko sektore publikoko gainerako erakundeak eta kontratazioa sustatzen duten zerbitzuak edo unitateak.
“Gure helburua da Eusko Jaurlaritzak berak Erosketa eta Kontratazio Berdearen 2030erako Programarekin hartutako konpromisoei erantzutea eta administrazio publikoek izan behar duten rol eredugarriari eustea. Gure nahia da erosketa eta kontratazioa arduratsuak izan daitezela ingurumenaren ikuspuntutik, baita argiagoak ere izan daitezela, enpresa lizitzatzaileentzako mezu koordinatuak eskaintzeaz batera”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok.
Itziar Agirre Ogasuneko sailburuordeak azpimarratu duenez, “asmoa da administrazioen eroste-ahalmena modu estrategikoan erabiltzea, kalitate/prezio erlazio hobea lortzeko eta, aldi berean, ekologikoagoa, berritzaileagoa eta zirkularragoa den ekonomiara zuzendutako trantsizioa sostengatzeko. Agirrek adierazi du, gainera, modu horretan «apustu irmoa egiten dela kontratazio publikoa erosketa publiko arduratsuagoa lortzeko trakzio-baliabide gisa erabiltzeko”.
Bai Garapen Jasangarriaren Helburuak eta bai Europako Itun Berdeak kontratazio publikoaren erabilera eredugarria aipatzen dute, europar ekonomia jasangarriagoa lortzen laguntzeko. Euskadik alor horretan hartuta doan konpromisoa aspalditik dator; izan ere, 2002an, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiak (2022-2020) aurreneko aldiz ezarri zuen “irizpide ekologikoak sartzen dituzten erosketa publikoen politika bat sustatzeko beharra”. Harrezkero zenbait urrats egin dira, hala nola Ihoberen kontratuetan ingurumen-irizpideak sartzeko prozesua, 2005ean; ‘Euskal Administrazioaren kontratazioak gizarte-irizpideak, ingurumenekoak edo beste politika publiko batzuk barne hartzeari buruzko erabakia’, 2008an; edo Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen lehenengo Programa, 2011 eta 2014 bitartean.
2015 eta 2020 bitarteko bigarren etaparen ostean, orain Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen hirugarren Programa dugu eskuartean, 2030. urtea horizontetzat hartuta. Bere helburua da euskal sektore publiko eta pribatuaren erosteko ahalmena modu eredugarrian eta merkatuarekin koordinatuta erabiltzea, garapen sozioekonomiko jasangarria lortzeko eta, aldi berean, ingurumenaren babesa, enpresa-lehiakortasuna eta euskal herritarren ongizatea maximizatzeko.
Programa horretatik eratortzen da instrukzio berri hau, erosketa eta kontrataziorako irizpideak barne hartzen dituena sektore hauetarako: elikadura, argiteria publikoa, eraikuntza eta urbanizazioa, energia elektrikoa, inprimatzeko ekipoak, ekipo informatikoak, ekitaldiak, lorezaintza eta berdeguneak, eraikinetako garbiketa, mezularitza, altzariak, obra zibila eta azpiegiturak, papera eta bulegoko materiala, argitalpenak eta inprimaketa, ehunkiak, autobus-garraioak, ibilgailu arinak, ibilgailu astunak eta bidaiak.
Hala, ingurumen-irizpide horien guztien artean, honako hauek sartzen dira: sasoiko elikagaiak eta elikagai ekologikoak lehenestea; ingurumen-inpaktuak obrek dirauten bitartean murriztea; ehunkien kalitatea eta iraunkortasuna; edo erregai alternatiboen erabilera, beste batzuen artean.
2030erako helburuak lortzeko bidean
Euskadiko Erosketa Berdeari buruzko 2022ko Urteko Txostenaren datuen arabera, ingurumen-irizpideak sartu zituzten lizitazioak osoko aurrekontuaren ia erdira iritsi ziren: 1.084.532.744,18 euro, guztira 2.199.612.921,72 eurotatik; eta ingurumen-irizpideak izan zituzten lizitazioak 2.281 izan ziren, guztira 5.314 lizitaziotatik. Alor horretan hartutako konpromisoak finkatu egin dira, eta adierazle asko jadanik hurbiltzen dira 2025erako ezarritako helburuetara, baita 2030erako aurreikusitakoetara ere: Programan lehenetsitako kategorietan, erosketa publiko berdearen ehunekoa % 50,7 da, kopuruan neurtuta, 2025erako helburua % 55 eta 2030erako % 75 izanik. Bolumen ekonomikoari dagokionez, helburu berberekin, 2022eko ehunekoa % 66,5ra iritsi zen. Erosketa publiko berdeak kontratazio globalean duen ehunekoari dagokionez, negozio-bolumenean neurtuta, 2022an % 49,3 izan zen, 2025erako ezarritako helburua % 40 eta 2030erako ezarritakoa % 60 izanik.
Orain, baldintza-agiriak Programaren lehentasunetara egokitzeko eta beraren betearazpena segurtatzeko xedez, instrukzio berriak oinarrizko ingurumen-irizpide multzo bat zehazten du. Irizpide horiek sartuko dira kontratuaren helburuaren definizioan, kaudimen-irizpideetan, preskripzio teknikoetan, adjudikaziorako irizpideetan eta/edo gauzatzeko baldintza berezietan; horrenbestez, kontratu publikoen baldintza administratibo partikularren agirietan edo preskripzio tekniko partikularren agirietan txertatu beharko dira. Administrazio bakoitzak irizpide horiek egokitu beharko ditu lizitazio partikular bakoitzera, eta asignatutako puntuazioek orientazio izaera duten arren, adjudikazio-irizpideek guztira dituzten 100 puntuetatik gutxienez 15 puntu izango dituzte. Gainera, urtebetetik gorako kontratuetan, baldintza-agirian ezarriko da enpresa adjudikaziodunak urtero bidali beharko duela kontratuan hartutako ingurumen-konpromiso guztiak jasotzen dituen txosten bat.
Ingurumen Administrazioaren Legea betetzeko gida
Halaber, jardunaldian aurkeztu da ‘Ingurumen Administrazioaren Legea betetzeko gida: obra-agirietan bigarren mailako materialak sartzea’. Gida horren helburua da ikuspegi egokia eskaintzen laguntzea sektore publikoak sustatutako eraikuntza-obretan. Erosketa publikoaren barruan, obren atala kostu handienetako bat izan da betidanik, eta eraikuntza-sektorea ingurumen-inpaktu handienetako bat sortzen duena ere bada. Horrenbestez, erosketa publiko berdeak bermatu beharko du obretara zuzendutako atala ere berdea izatea.
Eraikuntza jasangarriaren funtsezko elementuen artean, fluxu materialen eta energia-fluxuen kudeaketa nabarmentzen da, Euskal Ingurumen Administrazioaren Legearen moduko xedapen berrietan jasotzen den bezala. Bertan ezartzen denez, derrigorrezkoa da obra publikoko agirietan bigarren mailako materialak % 40 izatea; hori jauzi kualitatibo eta kuantitatibo handi bat da, alor horretan, eta, hortaz, arreta berezia eskatzen du agindu hori betetzea errazten duten tresnak abiatzeari dagokionez. Hala, Gidak estrategiak, erreferentzia praktikoak eta kalkulurako metodoak eskaintzen dizkie interesatutako eragileei, hau da, bai administrazioei eta bai balizko lizitatzaileei, horren inguruko legezko betekizunak betetzen laguntzeko.