Galesko  ministro nagusia aste honetan Euskadi bisitatuko duen ordezkaritza baten buru izango da

0
  • Mark Drakeford Lehendakariarekin eta erakundeetako beste arduradun batzuekin bilduko da, eta etorkizuneko hiriei buruzko nazioarteko mintegi bat inauguratuko du

Galesko Gobernuaren ordezkaritza bat, Mark Drakeford  ministro nagusia buru duela, Euskadira etorriko da aste honetan, arduradun instituzionalekin hainbat bilera egiteko eta etorkizuneko hiriei buruzko nazioarteko mintegi batean parte hartzeko. Drakeford-ez gain, Galesko ordezkariak dira Geraint Huxtable, Nazioarteko Harremanetarako burua, Rhys Castle Jones, ministro nagusiaren idazkariordea eta Jane Runeckles, aholkularia.

Agenda asteazkenean, hilak 29, hasiko da, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta  ministro nagusiak goizeko 9:30ean Ajuria Enea jauregian izango duten bilerarekin. Ondoren, batera agertuko dira komunikabideen aurrean.

Egun horretan bertan, Galeseko ordezkaritzak hiru bilera egingo ditu Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin; Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosarekin; eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriarekin. Gainera, bilera bat egingo du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin eta Gestamp eta CAF enpresetako arduradunekin.

Ostegunean, hilak 30, Mark Drakeford Jonan Fernández Trantsizio Sozialerako eta 2030 Agendarako idazkari nagusiarekin bilduko da, eta, ondoren, etorkizuneko Metropolien Nazioarteko Mintegiari hasiera emango dio. Mintegi hori Bilbon egingo da, eta trantsizio demografikoaren eta sozialaren erronkei eta aukerei buruz hitz egingo du. Mintegia Bilbao Metropoli 30ek antolatu du, eta Jonan Fernándezek eta Asier Aranbarri Gizarte Berrikuntzako zuzendariak ere parte hartuko dute.

Mintegiaren ondoren, ordezkaritzak BiMEP (Biscay Marine Energy Platform) bisitatuko du itsas energien saiakunta-eremua ezagutzeko eta, ondoren, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin bilduko da.
Programa amaitzeko, Mark Drakefordek eta Jokin Bildarratzek UPV/EHUko 50 ikaslerekin hitzaldi-topaketa egingo dute. Eva Ferreira errektoreak moderatuko du.

Bisita ofizial horrek indartu egiten ditu EAEko erakundeek aspalditik Galesekin dituzten harreman estuak, Euskadi Basque Country Nazioartekotzeko Esparru Estrategiaren arabera eskualde estrategikoa den aldetik. Harreman horien emaitza da Urkullu lehendakariak 2018an Galesera egindako bidaian sinatu zuen akordio-memoranduma. Memorandum horrek trukerako eta lankidetzarako bideak irekitzen ditu hainbat arlotan, hala nola industrian, berrikuntzan, mugikortasun- eta garraio-azpiegituretan, gizarte-politiketan eta familia-kontziliaziorako politiketan, kulturan eta hizkuntza-politikan, besteak beste.

Informazio gehigarria