Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduerak 3,7 milioi euro berreskuratu ditu kontsumitzaileentzat 2017tik 2022ra

0

Alba Urresola Lehiaren Euskal Agintaritzako presidentea gaur Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean hitzaldia eman du. Han, Urresolak 2022ko txostena eta erakundeak 2023rako onartu duen Ekintza Plana aurkeztu ditu.

“2022an, pandemia-egoera pixkanaka amaitzeaz  gain, LEAren lehen plan estrategikoa amaitu da, eta, beraz, 2018-2022 aldiko helburuak lortu dira”, azpimarratu du Urresolak. Aldi estrategiko horren amaieran, gainera, erakunde autonomoaren 10. urteurrena eta Legebiltzar honen 1/2012 Legearen 10. urteurrena ospatu dira. “Lege horrek nortasun juridiko propioa eta independentzia duen erakunde bat sortu zuen, Euskadiko merkatuetan lehia mantentzeko, bermatzeko eta defendatzeko”.

Guztira, LEAk 124 espedientetan lan egin zuen 2022an, eta horietatik 93 lehiaren sustapenekoak izan ziren. “Lehia sustatzea gure lehentasunetako bat da, eta hainbat motatako ekimenen bidez gauzatzen dugu”, Urresolak azpimarratu duenez.

Besteak beste, honako hauei buruzko txostenak aurkeztu dira: hezkuntza-legeak edo trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren legea; elkargo profesionalei buruzko txostenak; Euskadiko laguntza publikoei buruzko txosten bat, garrantzi handikoa pandemiaren osteko krisi-garaietan industria-politika definitzeko eta ekonomia dinamizatzeko; sektore publikoari egindako gomendioak; kontratazio publikoaren arloko hiru txosten; Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektoreari buruzko azterlan bat, uztailean onartua; eta Euskadiko erregulazioa hobetzeko proiektuaren hainbat txosten (ostalaritza- edo turismo-sektoreetan, esaterako).

Lehia sustatzeko lanean, nabarmentzekoa da, era berean, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) onartutako enpresa-kontzentrazioei buruzko urteko txostena, euskal enpresei eragiten diena. Txosten hori “oso lotuta dago kontzentrazioak kontrolatzeko prozeduretan parte-hartze handiagoa izateko gure eskaerarekin, Euskadin suertatzen direnean. Horrelako sozietate-operazioek, herrialdearen ekonomian eta lehian ez ezik, lan-merkatuan, berrikuntzan eta baliabideetan ere dute eragina.

Kontsultei dagokienez, presidenteak onartu duenez, “agintaldi honetan sortutako tresna hori nabarmen handitu da, hain zuzen ere enpresetatik eta herritarrengandik gertuago egoteko”. Izan ere, 29 kontsultari erantzun zaie.

Lehiaren defentsari dagokionez, 2022an 31 espediente landu  ziren guztira. Horrela, “2022a oso urte bizia izan zen gure jardueraren zati honetan, hau da, Lehiaren Defentsari buruzko Legearen zehapen-prozedura aplikatzean, eragile ekonomikoek merkatuan gehiegikeriak egitea saihesteko”.

31 espediente horietatik, sei zehapen-espedientea lehen fasean daude, eta horietako lau aurreko ekitalditik zetozen (lehiaren arloko zehapen-prozedurak 18 hilabeteko iraupena du). Horien barruan sartzen dira alokairuagatiko higiezinen komisioak, fumigazioak, Gipuzkoako beilatokiak eta Bilboko Udalaren lizitazio bat. Isunei dagokienez, LEAk 251.898,75 euro lortu zituen 2022an (erreferentzia gisa, 2021ean hormigoizko hiru enpresari 114.000 euroko isuna egokitu zitzaien).

Gainera, bi espediente ireki dira 2022an: Getariako ostalaritza-saltokietako prezioei buruzkoa (dagoeneko ebatzita) eta EJIEren lizitazio batzuei buruzkoa (oraindik instrukzio-fasean). Azkenik, bi ebazpen artxiboan amaitu ziren, bata anbulantzien lizitazioei buruzkoa eta bestea galdarak mantentzeko zerbitzuari buruzkoa; eta, higiezinen agentziei dagokienez, enpresetako batekin egindako prozesua itun-amaieran geratu zen.

Inpaktu-azterketa

Urresolak aipatu duenez, “azterketa ekonomikoan punta-puntakoa den enpresa batek kanpo-ebaluazio bat izan du”, lehia gizartean duen onura ezagutzeko. Lehiaren defentsarako esku-hartzeak ebaluatu ditu, OCDEren gidalerroak eta punta-puntako agintariek (hala nola CMAk) erabilitako metodologia oinarri hartuta.

Ondorio gisa, ebaluatzaileak nabarmendu du Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduerak gizartean izan duen onura 3,7 milioi eurokoa izan dela 2017-2022 aldian. Horrek esan nahi du 1,5eko ratioa dagoela kontsumitzaileentzako irabazien eta horien kostuaren artean. “Kalkulua zuhurtasun-irizpideetan oinarritu da, eta ez dira kontuan hartu ez LEAk hasitako eta CNMCra eramandako kasuak, ez eta erakundearen beraren jarduerak sortutako disuasio-efektua ere”.

Gainera, lehia sustatzeko jarduerei dagokienez, “kontsulta bat egin dugu euskal ekonomiako hainbat eragileren artean, eta hainbat ondorio atera dira, hala nola Euskadiko enpresen % 96k jada ezagutzen duela lehiari buruzko araudia, eta ia operadore ekonomiko guztiek uste dutela urte hauetan lehiaren garrantzia handitu egin dela edo berdin mantendu dela”, adierazi du Urresolak.

Gainera, azterketaren arabera, LEAren existentziaren ezagutza oso handia da: operadoreen % 83-91k ezagutzen dute lehiaren euskal erakundea, eta duela urte batzuk “egoera oso desberdina zen”.

2023ko Ekintza Plana

Azkenik, Urresola Rafael Iturriaga eta Enara Venturini kontseialariekin batera izan da, eta 2023ko Ekintza Plana aurkeztu du. Plana urtarrilaren 30ean onartu zen Kontseiluan,” ohiko kontsulta publikoa egin ondoren”. Dokumentu horren ildoen artean, nabarmentzekoa da erakundeak “azken urteetan lortu dituen presentzia instituzionala eta soziala,  mantentzeko helburuarekin, eta, are gehiago, maila areagotu, erreferentziazko erakundea baita, gizarte eta erakunde sendoak sortzera bideratuta”.

Planak bat egiten du Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH), eta 17 helburu zehatz ezartzen ditu, lau arlotan banatuta. Guztira 81 ekintza espezifikotan banatuta daude, eta horiek guztiak GJHetako batean kokatzen dira, funtsezko elementua baita erakundeetan eragin positiboa areagotzeko eta interes-talde guztiekiko harremanak kudeatzeko.

Horren erakusgarri dira, adibidez, Euskadiko lehiaren defentsaren eremuan kolektibo behartsuei bereziki eragiten dieten merkatuetan edo sektore sentikorretan sakontzea. Horretarako, LEA/AVCk zenbait ekintza markatzen ditu, hala nola “merkatuen legeak eta araudiak betetzen direla bermatu, hazkunde ekonomiko jasangarria eta ekitate-baldintzak bermatzeko, edo kolusiozko jardunbideek edo sektore sentikorretan nagusitasun-posizioaren abusuak sortutako merkatuetan desberdintasunak murrizten saiatzen direnak”.

Urresolak gaineratu zuen LEAk “lanean jarraituko duela independentzia sendotzeko helburuarekin, Euskal Sektore Publikoaren Legearen ildotik”. Gainera, egunez egun, “administrazio publikoekin eta eragile ekonomikoekin etengabe harremanetan jarraituko du”. Halaber, “lehia deszentralizatua defendatzeko sistema batek ematen dituen abantailak maximizatzearen” alde dago.

Espedienteak eta kontsultak 2023an

Era berean, presidenteak jakinarazi du aurten lau zehapen-espediente ireki direla: EJIEren lizitazioena (iazkoa), Covid maileguen luzamenduei buruzko espediente berri bat (otsailean ireki zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoari, notario-eskrituren edo -polizen prezioetan taldeko gomendio-jokabidea izan zezakeelako), martxoan Villabonako (Gipuzkoa) hileta-merkatuarekin lotutako Furesa eta Mémora sozietateei irekitako beste espediente bat, eta joan den astean Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileari irekitako azken espediente bat, sagardoaren prezioak kolektiboki gomendatzea egotzita.

LEA/AVC-k gizarte-inpaktu handiko sektoreak aztertuko ditu aurten. Zehazki, “trenbideko garraioa liberalizatzea eta aldiriko lineetan duen eragina”. Garraioaren arloan ere, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin ditu LEAk 30 minutuko aurrekontratazioari eta geolokalizazio-debekuari buruzko GTIaren dekretuaren aurka errekurritu zituen xedapenak.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

 

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskadiko lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.