Urgo enpresak azazkalak ez jateko esmalte mingotsaren lidergoari eusten dio

0

Euskadiko produktu ikonikoenetako bat da. Duela 60 urte sortu zen Gipuzkoako Loiola auzoan, eta zinez eraginkorra da bere zapore mingotsari esker.  Mingostasun hori funtsezkoa da higuina sortzen duelako, hainbeste, ezen nahikoa baita probatzea azazkalak jateari uzteko. Sei hamarkada geroago, konponbide horrek arrakastatsua izaten jarraitzen du. URGO laborategien produktu honek % 88ko merkatu-kuota du, eta urtean % 12ko hazkundea izaten du batez beste. Aurtengo ekitaldirako helburua da Mordex-en 175.000 unitate jartzea merkatuan, halaxe dio Abarne Galán enpresako Marketing Manager-ak.

Zein testuingurutan sortu zen produktu hau?

60ko hamarkadan, baby boom bete-betean eta jaiotza-tasa ikaragarri handia zenean, hau da, produktuaren jomuga-publikoa orain baino askoz ugariagoa zenean. 1962an hasi ginen fabrikatzen Donostian, eta gero Hernanira eraman genuen produkzioa, 2009an Urgo konpainia frantsesak jatorrizko Vitapharma laborategia erosi ondoren.

Bere zapore “berezi” eta “higuingarriak” belaunaldi ugari markatu ditu…  

60 urte daramatzagu aitona-amona, guraso eta neska-mutilei produktu hau eskaintzen azazkalik jan ez dezaten.  Produktu honek badu puntu nostalgiko bat gure haurtzarora garamatzana. Gainera, gure markak ibilbide luzea egin du, eta Urgo Healthcare bezalako laborategi baten babesa ere badaukagu; horrek guztiak segurtasuna ematen digu belaunaldi berriei laguntzen jarraitzeko. Horrela lortu dugu merkatuko marka liderra izatea, % 88ko kuotarekin farmazietan.

Zure ustez, zein da produktu honen arrakastaren formula?

Formula aldatu egin da, baina beti mantendu du bere mingostasun berezi hori, eta orain Mordex Plus izeneko bertsio are mingotsago bat daukagu, zeinetan aktiboa (denatonio benzoatoa) Mordex tradizionalean baino zortzi bider kontzentratuago baitago. Gainera, aberastu egin dugu formula azazkalaren egitura indartzen duten aktiboekin (Hidroxipropil Chitosan eta E bitamina), onikofagia (azazkalak jateko ohitura) duten pertsonek ahulduta izaten baitute azazkala.

Zenbat herrialdetan saltzen duzue?

Gaur egun zortzi herrialdetan gaude: Espainia, Portugal, Belgika, Frantzia, Maroko, Polonia, Txekiar Errepublika eta Tunisia. Atzerrian URGO markarekin merkaturatzen da, baina Estatuan badaukagu Mordex izenaren berezitasuna.

Nola lortzen da azazkalak jan nahi ez izatea?

Denatonio benzoatoarekin, horixe da azazkalari zapore mingotsa ematen diona eta jateko gogoa kentzen diguna. Munduko substantzia mingotsenetako bat da.

Produktua aldatu al da duela 60 urtetik hona?

Esan bezala, formula hobetu egin da azazkala indartzen duten aktiboekin, eta gainera, irudiari dagokionez, produktu ikoniko honen 60. urtemuga ospatu nahi izan dugu bildumagileentzako pack batekin. Edizio horrek irudi vintage-agoa du, eta bereziki zuzentzen zaie umetan gure produktua kontsumitu zuten eta orain euren seme-alabentzat erosten dutenei. Sustapen hori farmazietan dago eta yoyo bat darama opari, beste elementu retro bat 60. urtebetetzea ospatzeko.

Zuen salmenta-kanala farmaziak izan dira beti?

Hala da. Mirari txiki hau farmazietan saldu izan dugu beti, nahiz eta kosmetikotzat hartzen den, eta ez medikamentutzat. Hori horrela da 2011tik, urte horretan formulazioa aldatu baikenuen, sakarosa oktaazeatoa kenduz osagaien artetik.

Badakizue Espainian zenbat jendek jaten dituen azazkalak?

Biztanleriaren % 15-25ek. Arazo hori haurtzaroan agertzen da gehienbat, eta pertsona horien % 50 inguruk ohiturari eusten diote helduaroan ere. Dela estresagatik edo dela antsietateagatik, horrelako arazoek onikofagia eragiten dute, alegia, azazkalak konpultsiboki jatera garamatzan nahastea edo dermatofagia ere bai, hau da, azazkalen inguruko azala jatea.

Interesatzen zaigu zure proiektua, eta badakigu hainbat enpresari ere interesatzen zaiola. Utzi zu hobeto ezagutzen, eta geuk lagunduko dizugu zure enpresa posizionatzeko kanal eraginkorrenak bilatzen.

Inpaktu handiko sustapenak zure enpresarentzat.

SPRIkomunikazioa: “Informazioa zaintzen dugu, bai gurea eta bai zuri buruz ematen duguna” lagundu zaitzakegu?