Celia Rino Pardo, Ikasleen Kontseiluko presidente berria

0
Ezkerretik eskuinera, Diego M. Espasa, Sofiya Panteeva, Celia Rino, Lander Bosque, Iciar Yepes eta Sara Abad. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Celia Rino Pardo da Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluko presidente berria. 2003an Gasteizen jaioa, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Politika Zientziako eta Kudeaketa Publikoko eta Soziologiako Gradu Bikoitzeko bigarren mailan ari da. ‘Azalberritu/Mudar la piel’ hautagai zerrendako buru izan zen, zerrenda hori izanik aurkeztu zen bakarra. Hautagaitza aho batez hautatu zen. Orain arte presidente izan den Asier Nuñez Domingo ordezkatuko du Celiak.

Presidenteaz gain, hauek dira taldeko kideak: Sofiya Panteeva, idazkaria; Iciar Yepes Goitia, diruzaina; Lander Bosque Cayuso, lehen presidenteordea eta Unibertsitate Politika eta Kanpo Harremanetakoa; Diego M. Espasa Labrador Araugintzako eta Kudeaketa Juridikoko presidenteordea; Alazne Celada Cubillas, Gizarte Sare eta Komunikazioko presidenteordea; eta Sara Abad García, Berdintasun eta Aniztasuneko presidenteordea.

Hautagaitzaren aurkezpenean, Celia Rinok honako hau adierazi zuen: “aldaketa bolada bat hastera etorri gara, ikaslea giltzarri izango duena, eta ondorengoek aprobetxatu ahalko duten ondare bat uztera”.

Bere hautagaitzaren izenari dagokionez, esan zuen “Ikasleen Kontseiluaren oinarriak aldatu duela jada azala; horregatik, orain kontseiluko buru garenok ahalegina egin behar dugu ikasleak bide izan daitezen unibertsitatea gizarteko aldaketetara egokitu eta azala aldatzen jarrai dezan”.

Bere hitzaldian, helburu orokorrak eta agintaldiko lan programa azaldu zituen. Programa horretan, elkartegintza sustatu nahi dute, ikasleentzako espazioak aktiboki bilatu nahi dituzte ikasleek berek kudeatutakoak, unibertsitateko bizitza deritzona eta irakaskuntza uztartu, eta, oro har, zeharkako unibertsitate jarduera bultzatu nahi dute, ebaluazio sistemetatik haratago doana.

“Gure hautagai zerrendak maila berri batera eraman nahi du Ikasleen Kontseilua, talde aktibo gisa dugun iritzia islatuta gera dadin. Horretarako, ordezkaritza eta unibertsitatekoa izatearen sentimendua nola hautematen den berregituratuko dugu, gure helburu nagusia ahaztu gabe: ikasleen parte-hartzea eta unibertsitate bizitza. Iritsi da gure unibertsitatea eraikitzeko unea”, ondorioztatu zuen.