Dbizik hiriko eremu gehiagotara zabaldu du zerbitzua

0

Bizikleta elektrikoen eskaintza hirukoiztu du

Uztaila amaitu ondoren, Dbizik, Donostiako bizikleten alokairu sistemak, ziurrenik beste 23 geltoki misto gehiago izango ditu, eta beste 257 bizikleta elektriko gehiago ere flotan (egun dauden 120 bizikleta elektrikoei gehituko zaizkie). Zerbitzua zabaltzean, orain arte zerbitzurik ez zuten Donostiako eremuetara hedatuko da sistema, hala nola, Altzara, Bidebietara edo Añorgara, besteak beste. Horrela, beraz, sistema hobetuko da, hirian zerbitzuaren estaldura handiagoa izango baita eta bizikleta gehiago izango baititu, bizikleta elektrikoen flota handituta.

Eneko Goia alkateak nabarmendu du Dbiziren hedapena albiste oso ona dela hiriarentzat, herritarrek asko baloratzen duten zerbitzua hobetzea dakarrelako. Gainera, zerbitzu hau eskatzen ari zuten eremu berrietara hurbiltzen da. Alkateak gaineratu duenez, “berrikuntza hauek bultzada bat dira Udaletik hiri mugikortasunaren paradigma aldatzeko egiten ari garen ahaleginerako, garraiobide jasangarrien aldeko apustua eginez eta kalitatezko zerbitzu publikoa eskainiz”.

Goiak, aldi berean, eskerrak eman dizkie donostiarrei garraio sistema hori ezarri zenetik izan duten erantzun positiboagatik, Donostia hiri garbiagoa eta jasangarriagoa izan dadin.

Gaur egun, Dbizik 47 geltoki ditu, eta 120 bizikleta elektriko eta 317 bizikleta mekaniko. Zerbitzua uda honetan zabalduko da, eta, orduan, sistemak 70 geltoki izango ditu guztira, denak mistoak, eta 317 bizikleta elektriko eta 317 bizikleta mekaniko kalean. Horrela, bi bizikleta moten eskaintza berdinduko da (%50 bizikleta mekanikoak, %50 bizikleta elektrikoak), erabiltzaileen aldetik dagoen bizikleta elektrikoen eskari handiari erantzuteko.

Geltoki berriak gutxi gorabehera lekua hauetan jarriko dira behin-behinean:

Zerbitzuaren zabaltze horren zati bat, zehazki gehituko diren 132 bizikletak, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako Ministerioaren (MITMA) Next Generation Funtsen bidez finantzatzea aurreikusita dago.

Erabiltzaileen gogobetetzea

2022az geroztik, Dbizik AENORen ziurtagiria du Garraio Publikoaren Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren UNE-EN 13816 arauaren arabera, eta ziurtagiri horrekin aitortuta dago zerbitzuak duen kalitatea. Horrez gain, AENORek arau horren arabera ziurtatu duen bizikleten alokairurako lehen enpresa da, eta enpresa bakarra. Ziurtagiri horren esparruan, azken asteetan Dbizik beste gogobetetze inkesta bat egin die sistemaren erabiltzaileei, eta inkestaren emaitzak oso onak izan dira, zerbitzuak ondo funtzionatzen duen adierazgarri.

Inkestatuek zerbitzuaren hainbat alderdiri (irisgarritasuna, informazioa, erosotasuna, segurtasuna edo ingurumeneko eragina) ematen dieten garrantzia baloratu dute, baita alderdi horietako bakoitzarekin zenbateraino dauden pozik ere.

Dbiziren sarea zabalduz, sistema sendotu ahal izango da, eta erabiltzaileen beharrei erantzun, geltokien sariari esker eta bizikleta mekanikoen zein elektrikoen kalitateari esker, lurraldean leku gehiagotara iristea ahalbidetzen baitute eta mugikortasun jasangarria donostiarren egunerokotasunaren parte izatea errazten baitute.