Edariak eta Ardoa Drinks & Wine Campus, prestakuntza, ikerketa eta berrikuntzarako proiektu bide-erakuslea, edarien eta ardoaren sektorea indartzeko

0

Edariak eta Ardoa (EDA) Drinks & Wine Campus proiektu berezia da. Nazioarteko ikuspegia eta proiekzioa ditu eta honako hau da bere xedea: ardoaren eta edarien sektorearen lehiakortasuna indartzea, prestakuntzaren, ikerketaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren babesaren bidez. Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatutako eta Basque Culinary Centerrek garatutako zentroa da, eta 2025ean jarriko da martxan Araban. EDA Drinks & Wine Campusek bi egoitza izango ditu: bata Vitoria-Gasteizen eta bestea Arabako Errioxan. Bi tokiak kokatzeko lanean ari dira.

Arabak lotura estua du mahastizaintzaren eta ardogintzaren munduarekin, eta EDA Drinks & Wine Campus kokatzeko gune paregabe da. Ezagutzan oinarritutako zentro aitzindaria izango da, ekonomiaren sektore estrategiko baterako, eta lankidetza publiko-pribatuaren adibidea. Horren bidez, lurraldearen garapen ekonomikoa eta soziala sustatuko dira, bikaintasunetik abiatuta; Euskadiko  ardogintzaren esparrua eta ardoaren kultura bultzatzeaz gain, txakolinaren, sagardoaren eta garagardoen esparrua ere sustatuko ditu, eta “beverage” unibertsoaren alderdi guztiak landuko eta garatuko ditu nazioartean. Kombuchak, teak, kafeak, garagardoak, destilatuak, alkoholik gabeko edariak, etab. Mundu likidoaren unibertso osoak tokia izango du EDA Drinks & Wine Campusen.

EDA Drinks & Wine Campus mundura irekitako proiektua da, eta aliantzak eta sinergiak bilatuko ditu prestigio handiko erakundeekin, enpresa liderrekin, upeltegiekin, unibertsitateekin, ikerketa-zentroekin eta partner pribatuekin, nazioarteko lankidetza-sarea sortzeko xedez. Horrela, ideia berriak elkartzeko eta sortzeko gunea sortuko du, talentua erakartzeko eta garatzeko asmoz, berrikuntzan, bikaintasunean, ezagutzan eta jasangarritasunean oinarrituta.

Laburbilduz, EDA Drinks & Wine Campusen helburua da edarien sektorea eraldatzen laguntzea; izan ere, nazioarteko erreferente bihurtuko da berrikuntzaren arloan, eta enpresa eta erakundeetarako osagai diferentziala eskainiko die negozioak, produktuak eta zerbitzuak diseinatzerakoan kalitate, jasangarritasun eta osasunaren printzipioen arabera.

PRESTAKUNTZA INTEGRALA

EDA Drinks & Wine Campusen prestakuntza-planak bat egiten du gastronomiaren 360°-ko ikuspegiarekin, diziplinarteko prestakuntzarekin. Ikasketa-testuinguru horren barruan, ikasleek ezagutzak lortuko dituzte irakasgaiei buruz, zeharka, hezkuntza-eredu berritzaile eta praktiko baten bidez.

Testuinguru horretan, ikasleei, profesionalei, enpresei eta ekintzaileei zuzendutako prestakuntza-programek edarien 360º-ko ikuspegi global berria dute. Horri esker, profil profesional balioaniztun eta espezializatu berriak sortu ahalko dira. Profil horiek sektorea arlo guztietatik ulertuko dute, eta hainbat esparrutan berritzeko eta sektorean izandako kontsumoaren, teknologiaren eta gizartearen aldaketetara egokitzeko gai izango dira.

Horretarako, proiektu akademikoak aintzat hartuko ditu lotutako diziplina akademiko guztiak (laborategia eta zientziak, sukaldea eta abangoardia, aretoa, negozioak, diseinua, turismoa eta aisia, historia, soziologia, komunikazioa eta marketina), bai eta balio-kateko eragile guztiak ere (lehengaiaren ekoizpena, elaborazioa, banaketa eta merkaturatzea, HORECA kanala eta turismoa).

Era berean, ikasketa-planak zeharkako ikuspegia izango du egungo eta etorkizuneko edariei dagokienez.  Ardoaz gain, aintzat hartuko ditu potentzial handiko beste edari batzuk, hala nola garagardoa, alkoholik gabeko edariak eta edari hartzituak eta destilatuak, besteak beste; horrela, lotura-zubiak eta sinergiak eraikiko dira, berrikuntza eta jasangarritasuna gako akademiko gisa hartuta.

BERRIKUNTZA ETA IKERKETA HAZKUNTZA-MOTOR GISA

EDA Drinks & Wine Campusek edarien munduan ezagutza aplikatua sortzeko eta ezagutza horren transferentzia bultzatzeko beharra aurreikusten du, ikerketaren eta berrikuntzaren bidez, bai sektoreko profesionalei, bai balio-katean eta gizartean inplikatutako eragile guztiei.

Araba eta Euskadi abiapuntutzat hartuta, berrikuntzako lidergo horrek mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari eta edarien enpresei lehiakortasun-abantaila handia eskainiko die merkatuan tokia lortu nahi duten herrialde berrien aurrean. Halaber, jasangarritasuna sektore horren gakoetako bat da, eta Euskadiko edari-konpainietan sektoreari laguntzeko ikerketako eta garapeneko ardatz estrategikoetako bat izango da.

EDA Drinks & Wine Campusen bidez edariek osasunean eta ongizatean dituzten ondorioei buruzko ezagutza zientifikoa handitu ahalko da. Horrez gain, aukera emango du sektorearen nazioartekotzea bultzatzeko, edari nazionalek munduko merkatuan duten posizionamendua hobetzeko, baterako berrikuntza- eta merkaturatze-ekintzetan sektore barruko eta sektore arteko lankidetza sustatzeko, enpresa-kudeaketa modernizatzeko eta hobetzeko, marketineko eta komunikazioko materialetan ezagutza hobetzeko eta sektoreko enpresen erresilientzia-gaitasuna handitzeko eta sustatzeko, berrikuntza teknologikoko tresnen bidez.

Informazio gehigarria