Etxebizitza Sailak 1.264 familiari jakinarazi die baldintzak betetzen dituztela eta etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa eska dezaketela

0
  • Eskubide subjektiboa onartzeak berekin ekar dezake etxebizitza bat alokairu-erregimenean esleitzea edo prestazio ekonomiko bat eskuratzea, hilean 300 euro gehienez ere
  • Gaur egun 7.659 familiak dute indarrean etxebizitzarako eskubide subjektiboa Euskadin 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak gutun bidez jakinarazi die 1.264 familiari etxebizitzarako eskubide subjektiboa eskatzeko baldintzak betetzen dituztela. Etxebiden inskribatutako pertsonak dira, Legeak planteatutako eskakizunak betez, oraindik tramitea egin ez dutenak.

Etxebizitzako eskubide subjektiboa eskatzeko baldintzak honako hauek dira: etxebizitza edo bizitoki egonkor edo egokirik ez edukitzea, Etxebideren Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan izena emanda egotea alokairu-erregimenean gutxienez 4 urteko antzinatasunarekin, 3 kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateetan urtean gehienez 15.000 euroko diru-sarrera haztatuak ez gainditzea, 12.000 eurokoak 2 kideko bizikidetza-unitateetan, eta 9.000 eurokoak kide bakarreko bizikidetza-unitateetan.

Aste honetan banatzen hasi den jakinarazpenean, gainera, aitorpena izapidetzeko eman behar dituzten pausoen berri ematen zaie, baita aitorpena fisikoki eta telematikoki non aurkeztu behar duten ere. Gutun guztiekin batera dagokion eskabidea aurkeztu behar da. Lurraldeka, 1.264 komunikazioak honela banatzen dira: 219 Araban, 642 Bizkaian eta 403 Gipuzkoan.

Eskubide subjektiboa onartzeak berekin dakar etxebizitza bat alokairu-erregimenean esleitzea, edo, etxebizitzarik ez badago eskuragarri, prestazio ekonomiko bat eskuratzea, hilean gehienez 300 eurokoa, alokairu hori ordaintzeko bakarrik erabili beharko dena.

Etxebizitzaren Legea abian jarri ondoren, Euskadin, gaur egun, 7.659 familiak dute eskubide subjektiboa aitortuta eta indarrean. Horietatik 1.404 Arabakoak dira, 5.037 Bizkaikoak eta 1.218 Gipuzkoakoak.

Informazio gehigarria