Gobernuak 57,8 milioi euro bideratu ditu Hezkuntza sailaren menpeko ikastetxe publikoetako garbiketa zerbitzuak kontratatzeko

0
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak 2 milioi euro bideratuko ditu emakumearen aurkako, familia barruko eta sexu-askatasunaren aurkako indarkeria-delituetarako ofiziozko txandara

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan.

Hezkuntza arloan, bozeramaileak jakitera eman du Gobernuak ia 58 milloi euroko gastua bideratzea erabaki duela Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetarako garbiketa zerbitzuak kontratatzeko, ezinbestekoak bait dira ikastetxeek beharrezko higiene eta osasun-baldintzak bete ditzaten eta beren jarduera normaltasunez garatu ahal izan dezaten.

Bingen Zupiriak azaldu duenez, Jaurlaritzak, halaber, bi milioi euro erabiltzea erabaki du emakumearen aurkako indarkeriaren, familia barruko indarkeriaren eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimei doako laguntza juridikoa emateko, Euskadiko Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoarekin egin ohi den lankidetzaren esparruan. Ekarpen horrek hiru euskal elkargoetako indarkeriari buruzko guardiako txandan ematen den aurretiazko aholkularitzaren eta abokatu-laguntzaren kostua konpentsatzeko balio du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Lehendakaritzarekin lotura, bozeramaileak jakinarazi du, gaur arratsaldean, 4tatik aurrera, Ekonomia Suspertzeko eta Enplegu Aukerak Sortzeko Berpiztuko Planaren Kontseilu Errektorea bilduko dela, lehendakaria buru dela. Gobernu Kontseiluak 2020ko azaroaren 3an onartu zuen Berpiztu Programa, 2024ra arte guztira 13.250 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoarekin, eta 2023ko ekitaldi hau ixtean, metatutako inbertsioa 11.940 milioikoa izango da, hau da, konprometitutako inbertsio osoaren % 90. Zupiriak azaldu duenez, gaur arratsaldeko bilerak programa honen emaitzak xehetasunez azaltzeko balioko du.

Bestetik, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretuaren aldaketa onartu da gaurkoan, bai eta izendapen berriek eragindako goi-karguen izendapenak ere. Honenbestez, Dekretu berriak aldaketa hauek jasotzen ditu: Idazkaritzako eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak Kabinetearen Zuzendaritza izena hartu du; Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren izena Koordinazio eta Gizarte Komunikaziorako Idazkaritza Nagusia izango da; Komunikazio Zuzendaritzak Gizarte Komunikazioko Zuzendaritza izena hartu du; Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren izena Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusia izango da aurrerantzean; Kanpo Harremanen Zuzendaritzak deitura berdinakin jarraituko du; eta Europako Gaien Zuzendaritzak Europar Batasunerako Zuzendaritza izena hartuko du. Bestalde, Azterlan Kabinetearen Zuzendaritza kendu egiten da eta haren eginkizunak Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko idazkaritza Nagusiari esleitzen zaizkio.

Gobernantza sailarekin lotuta, alde batetik, Euskadiko Administrazio Publikoaren zenbait sektoretako lan-kontratuko langile finkoentzako txanda kontratuari 2023ko abenduaren 31ra arte lotutako Erretiro Partzialeko Plana gauzatzeko akordioa onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak gaurkoan. Adostasun honen arabera, lan-kontratuko langileen lan-bizitzaren amaiera nabarmen hobetuko duela pentsatzen da, eta aldi berean enplegu berriak sortzen lagunduko du, eta belaunaldien arteko erreleboa ahalbideratu.

Gainera, Jaurlaritzak EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Legea aldatzeko egindako lege-proposamena babestea erabaki du, RGIa jasotzen duten pertsonek lehen hiruhilekoan modu automatizatuan jasotzen dituzten zenbatekoak eguneratu daitezen. Zupiriak azaldu duenez, Jaurlaritzak proposamen hori aintzat hartzearen aldeko iritzia eman du, Legeari segurtasun juridiko handiagoa ematen diola uste duelako eta babes hobea eskaintzen dielako laguntza hauen titularrei eta onuradunei. 

Bestalde, Jaurlaritzak EH Bilduren legebiltzar-taldeak garatu gabeko lurzoru urbanizagarria aurreko egoerara (hau da, lurzoru urbanizaezinera) itzultzeko egindako lege-proposamena aintzat hartzearen aurkako iritzia azaldu du

Gobernu Kontseiluan, azkenik, turismo-enpresen ekintzailetzari eta lehiakortasuna hobetzeari laguntzeko pizgarriak onartu dira. Aurreko deialdiarekin konparatuz, laguntza horiek bikoiztu egin dira, eta ia 1.300.000 eurora iritsi dira oraingoan. Laguntzen helburua da, sailburuak azaldu duenez, Euskadin negozio turistiko berriak sortzea, tokiko garapena bultzatzeko, berrikuntza teknologikoaren bidez lehiakortasuna hobetzeko, eskaintza turistikoa optimizatzeko eta turismo seguru, iraunkor, arduratsu eta irisgarri baterantz egokitzeko.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena