Izar bati Gar eta exoplaneta bati Su izenak jartzeko UPV/EHUk egindako proposamena nazioarteko fasera pasatu da

0

2022. urtearen bukaeran, Nazioarteko Astronomia Elkarteak (International Astronomical Union, IAU) . hogei izar-planeta sistemari izenak jartzeko deialdia ireki zuen, eta oraingo honetan hizkuntza gutxituek lehentasuna zuten. Hori dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeak, komunitate astronomikoko hainbat kiderekin batera, Gliese 486 izarrari Gar eta bere inguruko Gliese 486 b exoplanetariSu izenak emateko proposamena egin zuen.

Su eta Garrek lehen fasea gainditu dute, Estatukoa, aurkeztutako 25 proposamenen artean hautatuak izan baitira. IAUren mendeko Dibulgazioko Koordinazio Nazionaleko taldea arduratu da horiek baloratzeaz, kontuan hartuta proposamenen kalitatea, deialdiaren ezaugarrietara egokitzea, giza taldeen osaera eta egindako dibulgazio-jarduerak. Eta UPV/EHUk aurkeztutakoa nazioarteko fasera eramatea erabaki du, proposamen nagusi gisa.

Gliese 486 izarrari eta Gliese 486 b planetarri buruz

Gliese 486 b planeta 2021. urtean aurkitu zen, NASAren TESS misioa eta, batez ere, Almeriako Calar Altoko Behatokiko CARMENES instrumentua erabiliz. Exoplaneta aurkitu zuen nazioarteko taldean zegoen José Antonio Caballero, Madrilgo Astrobiologia Zentroko (CAB, gaztelaniazko siglen arabera) ikertzailea. Caballero eta bere taldeak planetaren atmosferaren konposizioari eta James Webb espazio-teleskopioarekin duen detektagarritasunari buruzko iragarpenak egin dituzte berriki. Caballeroren hitzetan, «Gliese 486 b exoplanetologiako Rosetta Harri bihurtu da: Eguzki Sisteman Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte planeta telurikoak ditugu. Unibertsoan ondoen aztertutako bosgarren planeta lurtarra da, beraz, Gliese 486 b.” Planeta harritsuei teluriko edo lurtar deitzen zaie.

Orain, Caballerok eta UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak Gliese 486 izarra eta hura gertutik orbitatzen duen Gliese 486 b exoplaneta aukeratu dituzte James Webb teleskopioak behatuko dituen sistema exoplanetarioez osatutako IAUaren zerrendatik, haiei euskarazko izenak emateko. Aukeratutako izenak suarekin erlazionatuta daude, izarraren eta exoplanetaren tenperatura altuak direla eta. Izarra Lurretik 26 argi-urtetara dagoen nano gorri bat da, eta bere gainazal-tenperatura 3.000°C ingurukoa da. Exoplaneta superlur bero bat da, eta izarraren inguruan duen biraketa oso hurbila eta azkarra da: orbitak 2,5 milioi kilometro inguruko (0,017 unitate astronomikoko) erradioa du eta planetak egun eta erdian soilik osatzen du bira. Orbita txiki horrek 430°C inguruko oreka-tenperaturara darama, Artizarraren azaleko tenperaturara, gutxi gorabehera.

Tenperatura horrek Gliese 486b bizigarri izatea ekiditen du, baina Lurraren antzeko tamaina duten exoplaneten artean egokienetako bat da atmosferaren karakterizaziorako eta barne-modelizaziorako. Eta hortik beretzat proposatutako izena: Su. Suak babesteaz gain, erre ere egin dezakeelako. Euskal mitologian, gainera, etxeko sua etxeko “jenioa” da, eta mesedeak eskatzen omen zaizkio. Bereziki sakratuak ditugu Gabonetako eta San Juan eguneko suak.

Gar izan da, bestalde, izarrarentzat aukeratutako izena; gori-gori dagoen gasezko bola baita. Astronomian oso ohikoa den lan egiteko moduaz (pasioz eta grinez) ere hitz egiten duen euskal esamolde indartsua ere da, su eta gar, probestu da.

Name ExoWorlds 2022 deialdia abenduaren 11ra arte egongo da irekita. Gliese 486 izar-planeta sistemari Gar eta Su izenak jartzeko proposamena babestu nahi duenak, beraz, denbora du proposamen-taldearekin harremanetan jartzeko: Gar.Su.NameExoWorlds@gmail.com

Informazio gehiago: http://exoterrae.eu/gar+su.html