Sprilur-ek berriztatu egin ditu Legazpiko Sidenor lantegi zaharreko bi tximiniak, industria-ondare izendatuta daudenak

0
PRUEBA

Arrakalak konpondu dira eta tximinia altuenaren (60 metro) koroako 80 cm desmuntatu dira jatorrizko akabera mantentzeko.

 Tximinia biak sartuta daude Legazpiko Ondare Urbanistikoa Babestu eta Kontserbatzeko Plan Berezian.

Martxoaren bukaeran amaituko dira Sidenor lantegi zaharra berreskuratzeko eremuan (90.882 m²) dauden bi tximiniak berreraikitzeko lanak. Sprilur-ek (Spri Taldea eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila) eta  joan den abenduan presazko prozeduraz hasi eta gauzatu zuen obren prozesua, oso egoera txarrean zeudelako eta zatiak askatu eta erortzeko arriskua zegoelako.

Bi tximiniek babes-maila gorena (1. gradua) dute Legazpiko Ondare Urbanistikoa Babestu eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren barruan. Tximinia txikiak 30 metroko altuera du, eta handia, berriz, 60 metrokoa da, 12 edo 14 solairuko eraikin batek izango lukeen altuerakoa, alegia.

Bi tximiniak bistako adreiluz eraikita daude, eta birgaitze-prozesu eta kanpoaldeko garbiketa-lan sakona behar izan dute. Berriztatze-prozesuan harea-zorrotada eta tratamendu fungizida erabili dira, ez dadin agertu ez onddorik ez lizunik gainazalean. Ondoren, tratamendu hidrofugo bat eman zaie profila iragazgaizteko eta ez dadin urik sartu barnealdera. Prozesu horri esker, berriztatutako tximinien narriadura goiztiarra saihestuko da neurri handi batean.

Bestalde, konpondu egin dira egiturako arrakalak eta, gainera, egoera txarrean zeuden adreiluak kendu eta itxura berdintsua duten berri batzuk jarri dira, piezen jatorrizko akabera mantentzeko. Zehazki, altuera handieneko tximiniaren (60 metro) kasuan, kontuan izanda iristeko zailtasunak eta koroako lan-baldintzak, erabaki da erortzeko arrisku larriena zuten ilarak desmuntatzea (80 cm) eta barruko hutsunea kofratu batekin estaltzea, seguruago izan dadin. Perimetroko indargarriak eta metalezko piezak eskuilatu egin dira eta gero berniza eta pintura babeslea eman zaizkie, bizitza erabilgarria luzatzeko eta jatorrizko akabera mantentzeko.

Zaharberritze-lanez gain, proiektuan aurreikusita dago modelo tradizionalaz bestelako tximistorratz bat instalatzea. Sistema berritzaile bat da, normalean telekomunikazio-dorreetan erabiltzen dena eta tximistaren inpaktua saihesten duena inguruko karga elektrikoak konpentsatuz.

Ekintza honen bidez, Sprilur–ek tximinien diseinua eta jatorrizko akabera bermatu ditu, piezak askatu eta erortzeko arriskua saihestu du, narriadura eragotzi du eta inguruko jardueretan izan dezaketen intzidentzia gutxitu du. Aurreikusitako inbertsioa 400.000 eurokoa da.

Mende bat baino gehiagoko jarduera duen Bellota (Legazpi) eremuaren zaharberritzea  

Legazpiko AU 35 Bellota eremua da Sprilur-ek kaltetutako industria-guneak zaharberritzeko egin duen azken urteetako proiektu handienetako bat. Lehen fasea 2022aren amaiera aldera bukatu zelarik, berreskuratzeko 90.882 metro koadroko eremua berrurbanizatu egin behar da, errepide-azpiegitura berriak eginez eta bertan finkatutako eraikinak babestu eta kontserbatzeko plan bat osatuz.

Lanak gauzatzeko prozesuan hainbat neurri hartu dira ingurumena, lurren mugimenduak eta hondakinen kudeaketa zaintzeko.  Erauzitako materialen % 85 obran bertan berrerabili dira, atontze- eta berrurbanizazio-lanetan, ekonomia zirkularreko prozesua ixteko.

Sprilur eta Industrialdeak Sozietateek 40 urte daramatzate industria-lurzorua kudeatzen, eta jarduera-eszenatoki berrian euren ildo eta helburu estrategiko nagusietako bat izango da erabiltzen ez diren industria-guneak berreskuratzea.