Eusko Jaurlaritzak eta Galesko Gobernuak jasangarritasunarekiko, gizarte-politikekiko eta Arku Atlantikoan parte hartzearekiko konpromisoa partekatzen dute

0

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak parte hartu du gaur, Mark Drakeford Galesko lehen ministroarekin batera, “Metrópolis de futuro” Nazioarteko Mintegiaren 4. edizioaren irekiera instituzionalean, Bilbao Metropoli-30 Elkarteak antolatua, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Bilbao Metrópoli-30 irabazi-asmorik gabeko elkarte publiko-pribatua da, 1991n sortua, eta Bilboko metropoli-arearen etorkizunari buruz hausnartzen du. “Stay human. Be sustainable”, mintegi honen 2023ko edizioaren goiburua da. Edizio horrek giza garapen jasangarriaren garrantzia azpimarratzen du, eta Euskadik GJHen gobernantzaren eta ezarpenaren arloan duen esperientzia aurkezten du.

Eusko Jaurlaritzak Galesko Gobernuarekin duen lotura estua da, eta lankidetza horren mugarri nagusia 2018ko uztailean Cardiffen sinatutako Elkar Ulertzeko Memoranduma da, bai eta Galesek Euskadik garatutako eta munduko nazio eta eskualde liderrek osatutako Aliantza Estrategikoen Sarean parte hartzea ere. Gogoratu behar da Galesek ere Euskadi bazkide estrategikotzat jotzen duela bere nazioartekotze-estrategian.

Partekatutako ibilbide horretan, bi gobernuek Arku Atlantikoan parte hartu izana nabarmendu behar da; izan ere, atzo bertan Galesko lehen ministroaren eta Iñigo Urkullu Lehendakariaren arteko topaketan berretsi zen haien konpromisoa. Ildo horretan, Fernandezek azpimarratu du “jasangarritasunarekiko, gizarte-politikarekiko eta Arku Atlantikoan parte hartzearekiko konpromisoa partekatzen dugula”. Gogorarazi du Lehendakaria “aktiboki sustatzen ari dela Ardatz Atlantikoaren bultzada. Bere bazkideekin batera, Makroeskualde Atlantikoa osatu nahi du, ikuspegi estrategiko bateratua taxutzeko”.

Bateratze- eta lankidetza-esparru horretan, Jonan Fernandezek nabarmendu du “ohore handia dela Galesekin topaketa garrantzitsu hau partekatzea. Bertan, metropoli gero eta bizigarriagoak eta gizatiarragoak sustatzeko helburua partekatzen dugu, 2030 Agenda izanik esparru eta ibilbide-orri gisa”.

Bere hitzaldian, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 2030 Agendaren Borondatezko 6. Jarraipen Txostena bidali zion atzo Nazio Batuei. Bertan, lehen aldiz, Euskadiko Hiri Agendaren Jarraipen Txosten bat sartu da, Nazioarteko “Metrópolis de futuro” Mintegiaren gaiarekin lotura zuzena duen dokumentu bat.

Txosten honek Euskadiko Hiri Agendaren egokitzapenetik egindako aurrerapenak deskribatzen ditu, hala nola gure auzoak berroneratzea, gizarteratzea, migratzaileen integrazioa, herritarrek eta erakundeek larrialdi energetikoari eta klimatikoari emandako erantzunak, genero-berdintasuna praktikan jartzeko udal-ekintza edo tokiko gobernantza ireki eta parte-hartzailerako aurrerapenak”.

Azken hausnarketan, Fernandezek gaineratu du “azterketa ezin dela soilik tokikoa izan. Bizi garen mundu interdependentean ere globala izan behar du. Ikuspuntu horretatik, gaur egiaztatzen dugu zailtasunak areagotu egin direla eta munduan GJHak betetzeko aurreikuspenak okerrera egin duela”.

2023an gaude, 2015az geroztik 2030 Agenda proiektatzen duen 15 urteko aldiaren erdian. Idazkari nagusiak adierazi du “beharrezkoa dela Nazio Batuek lideratu beharreko nazioarteko erreakzioa. Lehendakariak Amina Mohammed idazkariorde nagusiari Now, 2030 Proposamena bidali dio. Proposamen horren helburua 2023a inflexio-puntu gisa eratzea da, globala eta tokikoa, GJHak betetze aldera”.

Now, 2030 Proposamenak planteatzen du Nazio Batuen iraileko GJHen goi-bilerak aukera bat izan behar duela, estatu-buruen goi-bilera batera mugatu gabe. “Beharrezkoa da haren formatua eta ondorioak zabaltzea: 2030 Agendaren ebaluazio zorrotza partekatzea, 2023ra arte; eta 2030era arteko lehentasun exekutiboen panel bat”. Zehazki, Konpromisoen definizio bat proposatzen du, “atzerapenik ez dagoela onartzeko premisa duena. GJHekiko konpromisoa orain da edo ez da izango. 2030 da gaur”.

Azkenik, Jonan Fernandezek adierazi du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa eskatzen eta eskaintzen duela. Eskatzen du “konpromiso sendoko erreakzio global bat egon dadila 2030era arteko urteetan. Tokiko, eskualdeko eta estatuz kanpoko gobernuek GJHak tokikotzeko duten zeregina eta konpromisoa aldarrikatzen du, bai eta 2030 Agendaren baterako gobernantza global hobe batean parte hartzea ere”.

Informazio gehigarria