Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Legea onartu du

0
  • Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du Lege berriak oinarri sendoa ezartzen duela datozen urte eta hamarkadetarako.
  • EAEko 15 urtetik gorako hiru pertsonatik bik kirola egin du aldizka edo noizean behin azken urtean.

Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Legea onartu du gaur. Lege honek  esparru juridiko berri bat emango die jarduera fisikoari eta kirolari, Kirolaren 14/1998 Legea, ekainaren 11koa, bi hamarkadatik gora indarrean egon ondoren. Hala, arau berri honek islatu egingo ditu urte hauetan guztietan jarduera fisikoak eta kirolak izan dituzten aldaketak, eta haien oraingo erronkei eta premiei erantzun die. Lege berria EAJ, PSE eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Legebiltzarrean adierazi duenez “akordio zabal baten emaitza” da eta  datozen urte eta hamarkadetarako “oinarri sendoa” ipintzen duena.

Honako hauek dira Lege berriaren helburu nagusiak:

  • Jarduera fisikoa eta kirola sustatzea.
  • kirol inklusiboago bat lortzea.
  • Gobernantza onaren ereduak barneratzea.
  • Desberdintasunak errotik erauztea.
  • Emakumezko kirola sustatzea.
  • Kirol-erakundeetan organo paritarioak edukitzea.
  • Obesitatearen eta sedentarismoaren aurkako borroka.
  • Bizi-ohitura osasungarriak sortzeko zereginean administrazio publikoek betetzen duten rola argitzea.
  • Kirol federatuaren egiturei dimentsio berri bat ematea eta haiek arrazionalizatzea.

Gaur onartu den legeak lehentasuna ematen dio herritarrek jarduera fisikoa egiteari, gizarte aktiboagoa lortzeko helburuarekin. Eusko Legebiltzarrean gaur aurkeztutako testuak jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapena azpimarratzen du, baita hainbat arlotan eskumena duten administrazio desberdinek zeharka parte hartzeko premia ere, kirol-arloan ez ezik, osasun-arloan eta hezkuntza-arloan ere, besteak beste, sektore bati baino gehiagori dagokielako euskal gizarte aktiboago bat lortzeko erantzukizuna. Hala ere, lege berriak, jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko, udalerria ardatz nagusitzat mantentzen du, herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa delako, baita kirol-arloko ekipo, espazio eta zerbitzu gehienen titularra ere.

Zupiria sailburuak adierazi duenez “Lege berri honekin begirada zabaltzen dugu garai berrietara egokituz, eta jarduera fisikoa eta kirola bere zentzurik zabalenean hartuz, izan kirol-modalitate jakin bat zein gorputz mugimendua, izan modu antolatuan zein librean, eta izan haurrak zein adinekoak”. Horretarako Lege berriak zehatzen duenez, legealdi bakoitzaren hasieran “Bizitza aktibo eta osasungarrirako plana” aurkeztu beharko da Legebiltzarrean eta legealdi osorako bide-orria izango da.

Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak Legebiltzarrean adierazi duenez “herritarrek jarduera fisikoa egitea lortu nahi dugu, gizarte aktiboago bat lortu behar dugu” eta horretarako EAEko kirol-ohiturei buruzko inkestaren emaitzak aipatu ditu. Inkestaren emaitza nagusienak dio Euskal Autonomia Erkidegoko 15 urtetik gorako hiru biztanletatik bik (% 64,3k) kirola egin duela azken urtean, aldizka edo noizean behin.

Era berean, biztanleriaren % 73,4 gutxienez hamar minutuz jarraian oinez azkar ibiltzera joan da, sasoi fisikoari eusteko edo hobetzeko asmoz. Biztanleriaren %27,7k egunero egiten du kirola eta %95,3k gutxienez astean behin. Bizkaitarren % 61,5ek adierazi du kirola egiten duela, Gipuzkoan kopurua % 67,2koa da eta Araban %68koa.

Sexuari eta adinari dagokionez emakumeek (% 58) gizonek (% 71) baino kirol-praktika maila nabarmen txikiagoa erakusten dute; hala ere, azkar samar paseatzera edo oinez ibiltzera joateko ohitura pixka bat handiagoa da emakumeen artean. 55 urtetik beherakoen artean kirola egiten dutenen ehunekoa altua da, % 78,4; aldiz, adin-tarte horretatik aurrera, berriz, nabarmen jaisten da kirola egiten dutenen ehunekoa.

Azken urtean kirola egin duten pertsonen artean % 28k egunero egiten du, eta % 67,7k gutxienez astean behin. 64 urtetik gorakoen artean, kirola egiteko maiztasuna oso handia da: adin-tarte horretako biztanleriaren erdiak egiten du kirola egunero (% 48,7), gazteenak baino 20 puntu gehiago (24 urtetik beherakoen kasuan, % 28,3). Gainera, kirola egiten dutenen % 54,7ak uste du  egiten duten jarduera fisikoa nahikoa da. Gizonek (% 60,8) emakumeek (% 49,2) baino neurri handiagoan uste dute nahikoa jarduera fisiko egiten dutela. Jarduera fisiko nahikoa egiten ez dutenen artean %91ari gehiago egitea gustatuko litzaioke.

Herritar gehienek orain eta pandemiaren aurretik jarduera fisiko berbera egiten dute. Hala ere, pandemiaren ondorioz jarduera fisikoa murriztu duen biztanleria kopurua handiagoa da jarduera fisikoa ugaritu duena baina, batez ere, adinez nagusiago diren pertsonen artean. Osasuna eta sasoian egotea dira kirola egiteko motibazio nagusiak.

Kirol modalitatearen ondorioek diote gizonek gehiago egiten dute aire zabaleko kirola: kirola egiten duten biztanleen erdiek baino gehiagok aire zabalean egiten duten arren, gizonen kasuan ehuneko hori % 65,9ra igotzen da, eta emakumeen kasuan, berriz, % 46,2ra. Emakumeek aldiz, gehiago erabiltzen dituzte kirol-instalazioak (% 44,6, eta gizonezkoek % 30,1). Gainera, kirola egiten duen biztanleriaren % 42,6k bakarka egiten du, eta % 45,1ek beste batzuekin batera. Emakumeen artean, kirola beste batzuekin batera egiten dutenen ehunekoa gizonena baino handiagoa da –% 50,4 emakumeen artean, eta % 40,3 gizonen artean.

Bestalde, azken urtean kirola egin duten emakumeek gehien praktikatzen duten kirola gimnasia arina da, hau da, dantza, pilates, yoga eta antzekoak. Gizonen artean, berriz, kirol nagusiak  mendia, eskalatzea edo alpinismoa dira.

Kirol antolatuak

Azken urtean kirola egin duten biztanleen artean, % 16k kirol-lehiaketa antolaturen batean parte hartu du. Mota horretako ekitaldietan emakumeen parte-hartzea gizonena baino askoz ere txikiagoa da eta adinez zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta txikiagoa da lehiaketetan parte hartzen duten pertsonen ehunekoa.

Gainera EAEko biztanleek kirol-klub, federazio eta patronatuekin duten lotura-maila oso adierazgarria da: EAEko biztanleen % 44,1 kirol-instalazio, gimnasio, klub edo kirol-elkarteren bateko bazkide edo abonatua da, eta EAEko hiru lagunetik bat (%13,1) kirol-federazioko lizentziaren baten titularra da; hala ere, alde adierazgarriak daude sexuaren eta adinaren arabera: kirol-instalazio, gimnasio, klub edo kirol-elkarte bateko bazkide edo abonatu diren gizonen ehunekoa (% 48,5) handiagoa da emakumeena baino (% 39,9) eta zenbat eta adin txikiagoa izan, orduan eta lotura handiagoa da horrelako erakundeekin.

Gaur kaleratutako azterketak adierazten duenez, herritarren artean kirolarekiko interes handia dago: interesa, batez beste, 7,1ean kokatzen da 0 eta 10 arteko eskalan. Aitzitik, kirol-ekitaldietara joateak interes-maila txikiagoa du, 4,6ko batez bestekoa 0tik 10era bitarteko eskalan. EAEko biztanleen % 46,8k adierazi du azken urtean kirol-ikuskizunen batera bertaratu dela modu presentzialean, eta azken urtean kirol-ikuskizunetara joan diren gizonen proportzioa handiagoa da (% 56,4) emakumeena baino (% 37,8). Aurrez aurreko kirol-ikuskizunetara bertaratzen diren pertsona gehienak talde-kirolekin lotutako ekitaldietan biltzen dira: azken urtean kirol-ekitaldiren batera joan diren pertsonen % 72,2k taldeko kirolekin lotutako ekitaldietara joatea erabaki du.

Euskal selekzioak

Euskal selekzioen inguruan ere galdetu zaie inkestan parte hartu dutenei. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 77,7 euskal futbol-selekzioak partida ofizialak jokatzearen alde dago. Gainera herritarren gehiengoa euskal kirol-selekzioak nazioarteko lehiaketa ofizialetan egotearen alde dago, hau da,  biztanleen % 76,3 lehiaketa ofizialetan lehiatzen diren euskal kirol-selekzioak izatearen aldekoa da. 

Inkesta 

2022ko EAEko kirol-ohiturei buruzko inkesta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 15 urtetik gorako 2.300 pertsonaren erantzunekin osotu du EUSTATek. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak sustatu du inkesta eta helburu nagusia EAEko biztanleen kirol-ohiturei eta -praktikei buruzko adierazle nagusiak ematea izan da.

Informazio gehigarria