Lehendakariak balioan jarri du «Agirre lehendakariak aldarrikatu zituen humanismoaren, justizia sozialaren eta giza eskubideen printzipioak oinarri dituen» euskal eredua

0

Iñigo Urkullu Agirre Lehendakaria Centerren 10. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian izan da

Iñigo Urkullu Lehendakaria Agirre Lehendakaria Center-en 10. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian izan da. Bertan, Giza Garapen Iraunkorraren euskal eredua jarri du balioan, “Agirre Lehendakariak bultzatu zuen humanismoaren, justizia sozialaren eta giza eskubideen printzipioak oinarri dituen eredua”. Urkulluren arabera, euskal ereduak aberastasuna eta oreka soziala sortzen ditu, kolektiboki sortzen du eta banatzeko sortzen du. “Eredu hori autogobernua berreskuratuz garatu dugu, gizarte-berrikuntza kolektiboko prozesu baten bidez. Arrakasta eredu hori besteekin partekatu nahi dugu, ikasten eta hobetzen jarraitzeko”, gaineratu du.

Agirre Lehendakaria Centerrek Agirre Lehendakariari lotutako balioak zabaltzen eta praktikan jartzen lagundu du, hala nola, “humanismoa eta justizia soziala, pragmatismoa edo bokazio irekia”, Iñigo Urkulluk nabarmendu duenez, baita Giza Garapen Iraunkorraren euskal eredua nazioartean indartzen ere. “Gaur esan dezakegu Ibarretxe lehendakariak eta lantalde profesional eta gogotsu batek bultzatutako hasierako proiektu hura bere helburuak betetzen dituen errealitatea dela”, adierazi du.

“Duela hamar urte martxan jarritako bidaiak merezi izan du. Ekimen honetatik euskal eredua indartzen eta zabaltzen jarraitzeko egiten ari den ahaleginagatik: zorionak eta eskerrik asko Ibarretxe Lehendakaria!”, amaitu du Urkullu lehendakariak.

Gaur arratsaldean, Bizkaia Aretoan izan dira, halaber, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Juan Jose » Ibarretxe lehendakari ohia.

Agirre Lehendakaria Center

Agirre Lehendakaria Center 2013an sortu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), New Yorkeko AC4-Columbia Unibertsitatearekin lankidetzan. Azken hamarkadetan euskal gizarteak izan duen eraldaketa sozioekonomikoan ALCk izan duen ekarpen nagusia izan da esperientzia hori dokumentatzea eta Gizarte Berrikuntzaren eta demokratizazioaren ikuspegi bihurtzea, 10 herrialde baino gehiagotan lurraldea eraldatzeko prozesuei laguntzeko.

Nazio Batuen Sistemarekin, Europako Batzordearekin, La Caixa Fundazioarekin edota Iberdrolarekin egindako lankidetzek laguntzen dute gizarte kolaboratiboa eraldatzen, benetan iraunkorra den garapen-eredu baterantz.

Informazio gehigarria