Euskadiko Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren (ENPBPE) Jarraipen Batzordea martxoaren 28an bildu da lehen aldiz. Europako 2023-2027 programazio-aldi berria abian jartzeak Estatu mailan plan bakarra egotea dakar, eta plan horretan NPBren bi zutabeak integratzen dira: lehena, errentarako eta programa eragile sektorialetarako zuzeneko laguntzak biltzen dituena, eta, bigarrena, landa-garapeneko esku-hartzeak babesten dituena.
Plan berri horrek berekin dakar gobernantza-sistema bat diseinatzea, estatuan eta eskualdeetan eragina izango duena. Hala, Europako araudi aplikagarriak Estatuko Jarraipen Batzorde bat sortzera behartzen du, plan horren ezarpenaren jarraipena egiteko, baina, aldi berean, eskualdeko Jarraipen Batzordeak sortzea ahalbidetzen du, eskualdeetako elementuen aplikazioa gainbegiratzeko eta Estatuko komiteari horri buruzko informazioa emateko.
Euskadiren kasuan, hogeita hamar bat ordezkarik osatuko dute Batzordea, bai euskal erakundeetakoak (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, EUDEL, Emakunde), bai solaskide ekonomiko eta sozialenak, bai gizarte zibilarenak. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzan kokatutako Plana Kudeatzeko Agintaritza izango du buru.
Bere eginkizunen artean, honako hauek nabarmentzen dira: plana gauzatzean izandako aurrerapena aztertzea, planaren errendimenduari eragiten dioten gaiak aztertzea, eta komunikazio- eta ikusgarritasun-ekintzak egitea. Era berean, Komiteari dagokio irizpenak ematea landa-garapeneko esku-hartzeei (LGENF) buruzko eragiketak hautatzeko erabilitako irizpideen, Europako Batzordeari bidali beharreko errendimenduari buruzko urteko txostenen eta planaren aldaketekin lotutako proposamenen inguruan.