- “EAEn ijitoen herriaren memoria agerian jartzea haren historia erakustea da”, esan du
- Larunbat honetan, Ijitoen Herriaren Nazioarteko Eguna da
Bilbo, 2023/04/03
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Dompiben Kaló erakusketa (erromaniz ijitoen artea esan nahi du) inauguratu du Otxarkoagako zentro zibikoan. Erakusketa hori Amugek antolatu du, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak, eta Miguel Clavería Amaya (Arrasate-Mondragon, 1943) pintorearen lana jasotzen du. “Berrogeita hamar urteko arte-ibilbidea da, eta berrogeita hamar urteko memoria. Ijitoen herriaren memoria eta EAEko herriaren memoria. Eta zer garrantzitsua den memoria hori transmititu ahal izatea. Nor garen eta nondik gatozen kontatu ahal izatea”, esan du Melgosak.
Melgosa sailburuak bisita eta apirilaren 8a Ijitoen Herriaren Nazioarteko Eguna dela aprobetxatu ditu eta honako hau nabarmendu nahi izan du: “EAEn ijitoen herriaren memoria agerian jartzea haren historia erakustea da”, eta, gainera, antigitanismoaren aurka borrokatzeko tresna baliagarria da, 2022-2026rako Ijitoen Herriarekiko EAEko Estrategian jasotzen denez. “Ziur nago erakusketa horrek eta Miguel Claveríaren lanak eginkizun horretan lagunduko digutela; izan ere, kulturarekin irabazteko aukera besterik ez dugu».
Hori horrela, Melgosak gogorarazi du, zehazki, zuzentzen duen sailak, iaz, 2022-2026rako Ijitoen Herriarekiko EAEko Estrategia onetsi zuela, Ijito Kontseiluaren osoko bilkuraren eskutik, eta, gaur egun, “etorkizuneko bi mugarritan» ari dela lanean: Antigitanismoaren aurkako Itun Soziala eta Tratu Berdintasunaren eta Bereizkeriarik Ezaren Lege-proiektua. “Izan ere, antigitanismoaren aurkako borroka ez da soilik ijitoen kontua. Antigitanismoaren aurkako borroka zor sozial bat da, eta guztion ardura: erakundeena, ijitoen herria ordezkatzen duten kolektiboena eta gizarteko gainerakoena. Denona”.
Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak eta Tamara Clavería Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko presidenteak lagunduta, Melgosak erakusketa bisitatu du; erakusketa zabalik egongo da hilaren 16ra arte, Otxarkoagako zentro zibikoan.