Garraio Sailak 16,7 milioi euroan lizitatu du Lugaritz-Easo saihesbideko trenbidearen gainegitura

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, Lugaritz-Easo saihesbideko trenbidearen gainegituraren eta Morlanseko konexioaren lizitazioa onartu du. Oinarrizko aurrekontua16,7 milioi eurokoa da (BEZik gabe) eta 20 hilabeteko egikaritze epea du.

Obrek plaka gaineko trenbide bikoitzean, tunel barruan, 4,5 km inguruko trenbidearen gainegitura hartzen dute barne. Morlanseko konexioa egiteko, tren-zerbitzuarekin jarraitu behar da, eta, beraz, trenbide-desbideratze bat egin behar da euste-pantailen babesean, Morlanseko konexiorako tunel faltsua eraiki ahal izateko. Tunel faltsu horrek etorkizuneko merkantzien saihesbiderako irteera izango du.

Kontratuak trenbideko aparatuak eta trenbidearen armamentua osatzen duten materialak barne hartzen ditu, bai behin-behineko egoeretakoak, bai behin betiko egoerakoak. Trenbidearen behin-behineko egoerei dagokien elektrifikazioa ere jasotzen du, eta, horrez gain, Morlanseko konexioa eraikitzeko obretan trenbide bakarra erabiltzeko aukera emango duen trenbide-aparatua eta bretelle bat gehitzen ditu.

Lugaritz eta Easo arteko Topoaren tartea edo igarobidea Lugaritzeko geltokiaren irteeratik 100 metro eskasera hasten den lurpeko 4,5 km-ko trenbide-saihesbidea da. Tarte horrek egungo Lugaritz-Amara tunelarekin lotzeko obra jasoko du. Donostiako erdigunea zeharkatu ondoren, Morlansen lurpean doan tartean egungo trenbidearekin bat egingo du berriro. Tarte nagusia trenbide bikoitzeko tunelean doa, eta aire zabalean azken tartea baino ez da egingo. Tarte horretan, tunel faltsu batek Morlansen dagoen trenbidearekin lotuko du saihesbide berria. Proiektuak hiru geltoki berri ditu: Bentaberri, Kontxa eta Easo.