Garraio Sailak 5. lineako obren zuzendaritzari laguntzeko zerbitzuaren lizitazioa onartu du

0

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio-mahaiak Bilboko Trenbide Metropolitarraren 5. lineako obren zuzendaritzari laguntzeko zerbitzuaren kontratuaren lizitazioa onartu du. Kontratuaren zenbateko osoa 8 milioi eurokoa da, eta 50 eta 56 hilabete arteko epeak ditu.

Sarratu (Basauri) eta Usansoloko Ospitalearen artean luzatuko den 5. linea Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuko dute ehuneko 50ean. 6,3 kilometro da luze eta bost geltoki berri ditu: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Ospitalea.

Enpresa esleipenduneko talde teknikoak, besteak beste geologia, trenbide muntaketa eta lurpeko obra arloetako espezialitateetako tituludunak osatuta egon beharko dira.

Preskripzio teknikoen pleguan deskribatzen diren egin beharreko lanak, obra gauzatzeko orduan zuzendaritzari laguntzean oinarritzen dira, bai eta dimentsioen kontrolean eta proiektuari laguntzeko zerbitzuetan ere.

Obra zuzendaritzari eman beharreko laguntzaren barruan sartzen dira, besteak beste, obren azterlanak, analisiak eta txostenak egitea, dokumentazioa kudeatzea eta lanak kontrolatzea eta zaintzea, hau da, eraikuntza-proiektuan sartutako obra-unitateak behar bezala egikaritzea.

Bestalde, proiektuaren dimentsioen kontrolak eta laguntza-zerbitzuek berekin dakarte lan topografiko guztien gainbegiraketa, obraren kontrol geometriko sistematikoa, tuneletako eta pantailetako deformazioen kontrola eta erregistroa, eraikinetan egon daitezkeen asentuen jarraipena edo obren azken kontrol dimentsional eta topografikoa, besteak beste.

Sarratu-Aperribai eta Aperribai-Galdakao tarteetarako kontratuek 2,6 milioi euroko oinarrizko lizitazio-aurrekontua eta 50 hilabeteko egikaritze epea dute. Galdakao eta Usansoloko Ospitalearen arteko segmentuak 2,8 milioi euroko aurrekontua eta 56 hilabeteko epea ditu.