Gasteizek berretsi egin du euskal hiribururik seguruena dela, delinkuentzia-tasarik txikiena erregistratu baitu

0
  • Arabako hiriburuko delituen tasa Bilbokoa baino 35 puntu baxuagoa da eta Donostiakoa baino 15 puntu baxuagoa
  • 2022an, ondarearen aurka egindako arau-hausteak eta delitu sozioekonomikokoak % 3 jaitsi dira 2019rekin alderatuta
  • Salatu dituzten delituen % 17 ziberdelituak izan dira

Ertzaintzak eta udaltzainek 2022an erregistratutako delitu guztien balantzeak berretsi egiten du Gasteiz euskal hiribururik seguruena dela, 62 delituko tasa baitu mila biztanleko; Bilbon 97koa da tasa eta Donostian 78koa.

Datu hori eta beste batzuk aztertu dituzte Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako segurtasun-sailen Koordinazio Batzordeak gaur goizeko azken orduan Gasteizko Udalean egindako bileran. Rodrigo Gartzia sailburuordea, Gorka Urtaran alkatea eta Marian Gutierrez Herritarren Segurtasuneko zinegotzia izan dira bileran, eta beste arduradun politiko batzuk eta bi polizia-erakundeetako kideek ere parte hartu dute.

2022an zehar, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 15.856 arau-hauste penal zenbatu zituzten Gasteizen, 2019an baino % 3,9 gehiago eta 2021ean baino % 19,9 gehiago. Urte horretatik aurrera COVID-19ak eragindako egoera normaltasunera itzuli da pixkanaka, eta pandemia aurreko zifretara itzultzen ari dira delituen kopuruak.

Ziberdelituen eragina

2022an, delitu guztiek ez dute portaera bera izan. Hala, aurrez aurrekoak (13.173) % 17 igo dira 2021arekin alderatuta, eta ziberdelituak (2.683) % 38 igo dira. Hala, Gasteizen erregistratutako arau-hauste penalen % 17 izan dira. Kasu honetan, fisikoki presente egin gabe kaltetzen du biktima egileak eta delitua ez da zertan kaltetutako pertsonaren bizilekutik egin. Delitu horien eraginik gabe, Gasteizko delinkuentzia-tasa 2019koa baino txikiagoa izango litzateke.

Delituen tipologia

Tipologien arabera xehatuta eta 2019arekin alderatuta, 2022ko deliturik ohikoenak ondarean aurkakoak eta delitu sozioekonomikoak izan ziren (11.621). Delitu guztien % 73 izan ziren, baina % 3 jaitsi dira 2019tik (11.987).

Horren barruan:

  • Ebasketak (5.587) izan dira aurkeztutako salaketen ia erdia (% 48), baina 2019an erregistratutako kopuruen oso azpitik (6.807).
  • Indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretak (217) % 36 jaitsi dira 2019arekin alderatuta. Euskadi osoan, aldiz, aurkakoa gertatu da, % 35 igo dira.
  • Etxebizitzetako lapurretak (237) % 14 jaitsi dira 2019tik (274).
  • Komertzioetan egindako lapurretak % 33 jaitsi dira. Iaz 233 erregistratu zituzten, eta 2019an, 333.
  • Iruzurrengatik jarritako salaketak nabarmen igo dira 2019arekin alderatuta, ziberdelituak kontuan hartuta. 1.448 kasu izatetik 2.743 izatera igaro dira.

Ondarearen aurkako delituen eta delitu sozioekonomikoen atzetik daude lesio-delituak (1.337). Jarraian segurtasun kolektiboaren aurkako delituak ageri dira (899), droga-trafikoa edo alkoholaren eta estupefazienteen eraginpean gidatzea barne.

Sexu-askatasunaren aurkako delituen kasuan (138), 2022an salatutako arau-hauste guztien % 0,8 izan dira, eta 2019arekin alderatuz gero, % 60 ugaritu dira.

Kontrara, emakumeen aurkako indarkeriaren kasuan, genero-indarkeria % 8 jaitsi da: 2019an 728 delitu erregistratu ziren, eta 2022an, 670.

Bestalde, etxeko indarkeria nabarmen igo da aldi horretan, 2022an 431 salaketa jaso baitira, % 57 gehiago.

Poliziaren eraginkortasuna

2022ko delituen gorakadaren ondorioz, 6.672 ikerketa eta atxiloketa egin dituzte Ertzaintzak eta Udaltzaingoak. Datu horrek agerian uzten du bi elkarteen arteko lankidetza eta egindako lanaren eraginkortasuna.

Koordinazio Batzordearen bileran, bi elkarteek berretsi egin dute Gasteizko herritarren segurtasuna hobetzeko elkarlanean jarduteko konpromisoa dutela.

Informazio gehigarria