Arkauteko Euskal Poliziaren Museoak webgune berria jarri du abian

0
  • Argazkien, bideoen, agirien eta abarren bidez Euskadiko segurtasun-kidegoen historia jasotzen du
  • Erakusketa iraunkorretatik ibilbide birtual bat ere egin daiteke bisitaren planifikazioa errazteko

Euskal Poliziaren Museoa 1998an inauguratu zuen Ardanza lehendakariak, eta orain webgunea eguneratu du erabiltzaileari esperientzia moderno, dinamiko eta intuitiboagoa eskaintzeko eta, modu horretara, bertako jarduera sustatzeko eta herritarrei Euskadiko segurtasun-kidegoen historia hurbiltzeko.

Webgune berriak modu digitalean jasotzen du Euskal Poliziaren historia, 1936ko Ertzañatik eta Foru Kidego Armatuetatik hasi eta egungo Udaltzaingo eta Ertzaintzara. Hori guztia diseinu erakargarri batekin eta egitura intuitiboago baten bitartez, nabigazioa eta informazioa eskuratzea errazten duena uniformeen, dokumentuen ikus-entzunezkoen, armen eta ibilgailuen bidez.

Hasierako orritik hasita, erabiltzaileak Museoko bilduma iraunkorrei buruzko informazioan sartu ahal izango dira, eta bertan ikus daitezke Ertzaintzaren historia eta bilakaera, poliziaren irudia herriaren kulturan edo “Hemen Gaude” gunea, ETAren biktima izan ziren ertzainak gogoan izateko txokoa. Horrez gainera, hartu parte atal bat ere badago herritarrek balio historikoa duten lekukotasunak, pasadizoak, dokumentuak edo argazkiak partekatu ahal izateko, modu horretan Museoa garatzen eta hobetzen lagundu dezaten.

MUSEOA BISITATU

Webgunea eguneratu izanak erakusketa gunera bisita birtuala egiteko aukera ere ematen du 360º-ko bistekin, aurretik ezagutu ahal izateko gela bakoitzaren gaia eta bertan ikus daitezkeen objektuak, era horretara bisita eraginkortasun handiagoz planifikatu ahal izateko.

Bestalde, aurrez aurreko bisita egin ahal izateko, interesdunek bisita aldez aurretik hitzartu behar dute posta elektronikoaren bidez edo “bisitatu Museoa” atalean agertzen den telefono-zenbakira deituta, lekua izango dela eta arreta pertsonalizatua jaso ahal izango dela ziurtatzeko.

Museoko sarrera doakoa da, eta ordutegia da: astelehenetik ostiralera 08.00etatik 13:30era eta 15:00etatik 16:30era.