Hezkuntza Sailak 2021-2022ko Batxilergoko Sari Bereziak banatu ditu

0
  • 16 irabazle gazteek ingelesa hobetzeko ikastaroa eta egonaldia egingo dute udan hiru astez Erresuma Batuan
  • Saridun guztiak unibertsitateko lehen mailan ari dira egun ikasketak burutzen, eta Batxilergoa 8,75 puntu edo gehiagoko batez bestekoz amaitu zuten

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariak, 2021-2022 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak banatu dituzte Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian. 16 gazte irabazleek, saridun direla egiaztatzen duen diploma jaso dute sailburuordearen eskutik, eta horrekin batera, Erresuma Batuan hiru asteko ingeles ikastaroa eta egonaldia ere eskuratu dute, uda honetarako. Irabazleak unibertsitateko lehen mailan ari dira egun ikasketak burutzen.

Joan zen 2021-2022 ikasturtean 15.600 ikaslek baino gehiagok bukatu zuten Euskadin Batxilergoa, eta horietatik 466 aurkeztu ziren Batxilergoko Sari Berezia eskuratzeko probetara. Guztiek betetzen zuten baldintza hau: Batxilergoko bi kurtsoetan 8,75 puntutik gorako bataz besteko nota izatea. 2022ko ekainaren 13an burutu zuten proba, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, unibertsitatera sartzeko hautaprobak amaitu ondoren. Azterketan, hiru ariketa gainditu behar izan zituzten, bai norberaren Batxilergo modalitateari zegozkion ikasgai espezifikoen ingurukoak, bai hizkuntza probak (Euskara edo Gaztelania, eta atzerriko hizkuntza bat). Azkenik, puntuaziorik altuena lortu zuten 16 ikasleek eskuratu zuten saria, gaur eguerdiz jaso duten saria, hain zuzen ere.

Ekitaldian izan dira halaber ikasle sarituen senitartekoak, eta baita Batxilergoa ikasi zuten institutuetako arduradunak ere. Ekitaldia girotzeaz Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko Itziar de la Hera eta Mariya Borislavova ikasleek osaturiko flauta eta gitarra bikote bat arduratu da. Amaieran, parte hartzaile guztiek Gamarrako Ostalaritza Eskolako ikasleek prestaturiko mokaduak dastatu ahal izan dituzte.

Batxilergoko Sari Berezien helburua honako hau da: Batxilergoan ibilbide akademiko bikaina erakutsi duten ikasleei egindako ahalegina aitortzea. 2022-2023 ikasturte honetarako sarien deialdia apirilaren amaieran argitaratuko da.

Bizitza guztian ikastea

Ekitaldian, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak adierazi duenez sari hauekin, ikasleak eta haien familiak saritzeaz gain, “beste gauza asko ere saritzen dira, hezkuntza-sistema bera barne. Hezkuntza Sailean oso harro gaude egin duzuen lanagatik, baina baita badakigulako etorkizunean ere horrelaxe jarraituko duzuela lanean. Gaur hemen ikasle bikainak ditugu. Bikaintasunean nabarmendu zarete, eta hori ozen aldarrikatu beharrekoa da”, adierazi du.

Pedrosak, batez ere, ikasle horien ahalegina azpimarratu du, eta ziur agertu da etorkizunean oraindik arrakasta gehiago izango dituztela zain. Baina, bereziki eskatu die “bizitzan beti ikasten jarraitzeko gogoa ez galtzeko. Horrek emango dizue giltza bizitzan benetako arrakasta izateko”. Zentzu horretan, gogorarazi die “hezkuntza dela daukagun gauzarik garrantzitsuenetako bat, batez ere benetan aukera berdintasuna ematen dielako pertsona guztiei”.

Amaitzeko, zenbait gogoeta partekatu nahi izan ditu ikasle gazteekin. “Zuek izango zarete hemen gauden beste guztion etorkizuna eraikiko duzuen pertsonak. Eta ez inoiz ahaztu zeuen buruari galdera pertinenteak egitea”.

Ikasle sarituen zerrenda:

Saritutako ikasleek guraso, senitarteko eta Batxilergoko ikasketak burutu zituzten institutuetako arduradunak lagun zituztela jaso dituzte sariak. Hauek izan dira irabazleak:

Izen abizaenak Ikastetxea Udalerria
Unai Basterra Cea CPEIPS La Salle de Bilbao HLBHIP Bilbao, Bizkaia
Eneko Plaza Barañano IES Julio Caro Baroja BHI Getxo, Bizkaia
Asier Pérez Baeza IES Botikazar BHI Bilbao, Bizkaia
Xabier Rubio Francés CPEIPS Aldapeta Maria HLBHIP Donostia, Gipuzkoa
Lander Elorza Martínez de Lizarduy IES Miguel de Unamuno BHI Vitoria-Gasteiz, Araba
Naia Aranburu Pereda IES Arrigorriaga BHI Arrigorriaga, Bizkaia
Iván Jáñez Jiménez CPEIPS Carmelitas-Sagrado Corazón HLBHIP Vitoria-Gasteiz, Araba
Ane Redondo Berasaluce CPEIPS San Patricio de San Sebastián HLBHIP Donostia, Gipuzkoa
Maddi Xu Persona Huici CPEIPS San Ignacio de Loyola HLBHIP Donostia, Gipuzkoa
Nerea Taboada García IES Botikazar BHI Bilbao, Bizkaia
Hugo Pelegrín Gómez CPEIPS Sagrado Corazón HLBHIP Vitoria-Gasteiz, Araba
Eneko Vaca Ramírez IES Julio Caro Baroja BHI Getxo, Bizkaia
Mario García Cornejo CPEIPS El Salvador HLBHIP Bilbao, Bizkaia
Haitz Gaztelurrutia Simón  IES Fray Juan de Zumárraga BHI Durango, Bizkaia
Telmo Munduate Goikoetxea CPEIPS San Benito Ikastola HLBHIP Lazkao, Gipuzkoa
Sima Petraityté CPEIPS Trueba de Artxanda HLBHIP Bilbao, Bizkaia

Informazio gehigarria