Nerea Melgosak Ukrainari eskainitako «Infraganti» ongintzazko kontzertuan parte hartu du, Vitoria-Gasteizen

0

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburua Vitoria-Gasteizen, INFRAGANTI tokiko bandaren ongintzazko kontzertuan izan da;  musika-taldea Julia Butenkok eta beste laukote batek (baxua, kitarra, saxoa eta bateria) osatzen dute. Eszenatokia Urban Rock Concept aretoa izan da, Betoñon.

Arabako hiriburuko beste erakunde-arduradun batzuk bezala, Nerea Melgosa Julia Butenkoren emanaldian izan da, eta zorionak eman dizkio ondoren ekimenagatik eta konpromisoagatik.

Julia Butenkok Ukrainako jatorria du. Juan Vives izan da baxu-jotzailea, Paco Garrote gitarra-jotzailea, Gerardo Fitanovich saxo-jotzailea eta Jesús Alonso bateria-jotzailea. Errepertorioa zabala izan da:  jazz, swing, bossa, funk, blues, soul eta erritmo latindarrak. Ongintzazko ekitaldia Ukraina-Euskadi elkarte soziokulturalak eta garapenerako lankidetzakoak kudeatu du, eta Euskadin Ukrainako komunitatearen eta kulturaren integrazioa sustatzea izan du helburu.

Errusiak Ukrainan eginiko inbasioaren hasieratik, elkarteak eginkizun aktiboa hartu du bere gain laguntza humanitarioan; horretarako, materiala bildu eta bidali du Ukrainako zentro logistikoetara eta udaletara.

Urban-eko kontzertuaren irabaziak «Prykhystok» (Dena irtengo da ongi) proiektura bideratuko dira: Ukrainan halabeharrez lekualdatu diren pertsonentzako babesleku bat. Horretarako, laguntza finantzarioa eta humanitarioa eskatu da «Tvoya Opora» («Your Support») ongintzazko fundazioarentzat; fundazioak 100 ospitale eta 35 umezurtz-etxe baino gehiagori ematen die laguntza.

Babeslekuak 1.500 metro koadro ditu, 180 pertsona bizi dira bertan, 2 egongela handi ditu, 16 logela banandu, 2 sukalde, 2 jangela, 2 dutxa, 4 komun, umeentzako gela eta ikasketa-gela. Abokatu, psikologo, gizarte-langile eta haur-animatzaileen laguntza dute. Babeslekuaren helbidea: Lviv, Str. Doroshenko, 26. Gerraren 12 hileotan, 3.000 pertsona hartu ditu, eta, haietatik, 800 umeak izan dira.