Barakaldoko Udaltzaingoak gazte bat atxilotu du ordenagailu bat, dron bat eta beste gailu elektroniko batzuk lapurtzeagatik denda batean

0

Barakaldoko Udaltzaingoak 24 urteko gazte bat atxilotu du hainbat gailu elektroniko lapurtzeagatik herriko saltoki batean. Atxilotuak saltokiko erakusleihoa apurtu zuen objektuak lapurtu ahal izateko, Angel Madrazo zinegotzi ordezkaria den Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloak adierazi duenez.

Asteazken goizaldean izan zen atxiloketa. Zuzeneko lekukoek erdiguneko denda batean indarrez sartu nahian zebiltzala jakinarazi zioten Udaltzaingoari. Inguruan zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek susmagarri bat ikusi zuen, eta agenteak hurbiltzean lapurtutako ordenagailu bat eta beste gailu batzuk atera zituen jakaren azpitik, ondoren, oinez jarraitu zuen ihes egiteko asmoz.

Udaltzainez lapurra harrapatu, eta atxilotu egin zuten saltokietan indarrez egindako lapurreta-delituagatik. Atxilotuak zeramatzan lapurtutako objektuen artean, ordenagailuaz gain, dron bat, bozgorailu bat, modelo desberdinetako 4 entzungailu pare eta kargagailu mugikor bat ere bazeuden.

Bestalde, atzo goizaldean, Barakaldoko Udaltzaingoak 29 urteko gizonezko bat atxilotu zuen bi deliturengatik, alkoholaren eraginpean eta gidabaimenik gabe gidatzeagatik, epailearen erabakiz kendu baitzioten baimena.

Udaltzainek hirigunean zehar auto batean zihoala ikusi zuten gizona, maniobrak seinaleztatu gabe egiten eta norabiderik gabe gidatzen, beraz, atzetik jarraitu zioten. Une jakin batean, gazteak aparkatu egin zuen ibilgailua, baina beharrezkoak ez ziren  maniobrak egin zituen eta aparkatuta zegoen beste auto bat apur bat kolpatu ere egin zuen. Orduan, poliziak gidariarekin hitz egitera joan ziren, eta alkoholemia-proba egin zioten. Gidariak botatako arnasako alkoholeko tasa 0,96 mg/l izan zen, eta legez ezarritakoa baino handiagoa zenez, atxilotu egin zuten.