Ertzaintzak eta Zallako Udaltzaingoak lankidetza-protokoloa izenpetu dute

0
PRUEBA

Ertzaintzak eta Zallako Udalak lankidetza-protokoloa izenpetu dute gaur bertako herritarren segurtasuna hobetzeko. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren baliabideek koordinatuta jardungo dute, eta txandak egingo dituzte segurtasun-zerbitzuak emateari inoiz ez uzteko.

 

Gaur, apirilak 11, asteartea, goizean, lankidetza-protokoloa izenpetu dute Ertzaintzak eta Zallako Udaltzaingoak bi polizia-kidegoen polizia-baliabide operatiboak optimizatu ahal izateko eta, modu horretara, bertako herritarren bizi-kalitatea eta segurtasuna hobetzeko. 

Protokoloa izenpetzeko ekitaldia Zallako udaletxean egin da, eta bertan elkartu da Zallako Udaltzaingoaren buruak eta Balmasedako Ertzain-etxeko komisario buruak osatutako Koordinazio Operatiborako Mahaia.

Protokolo horren bidez, udalerriko polizia-baliabideak optimizatuko dituzte, modu horretara herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten beharrei erantzuteko. Horretarako, elkarlanerako arauak zehaztu dituzte, zerbitzuak eta betebeharrak banatu dituzte, polizia-jardunbideen titulartasunak definitu dituzte, elkarlaneko jarduera-planak edo -protokoloak prestatu dituzte eta koordinazio-irizpideak ezarri dituzte, dauden baliabideak behar bezala erabiliko direla ziurtatzeko eta, aldi berean, herrian poliziaren presentzia etengabea eta nabarmena izango dela bermatzeko.

Protokoloak polizia-intereseko informazioa, tarteka nahiz berehala, partekatzeko mekanismoak ezartzeko aukera ere emango du, bai eta premiazko polizia-komunikazioak arautzekoa ere.

Protokoloa Segurtasun Sailak eta Zallako Udalak 2021eko urrian izenpetu zuten Lankidetza Hitzarmenean ezarritakoaren arabera garatuko da.

 

Gaur izenpetu denarekin, jada hiru dira Ertzaintzaren eta Enkarterriko udalerrietako udaltzaingoen artean aurten izenpetu diren lankidetza-protokoloak. Urtarrilean Alonsotegin izenpetu zuten, eta martxoan Gueñesen.