EIO – Euskadiko Ikasleen Orkestra: dena prest asteburuko kontzertuetarako

0
  • 84 musikari gazte entsegutan ari dira opor egun hauetan, asteburuan Bilbon, Gasteizen eta Donostian kontzertuak eskaintzeko
  • Iker Sanchez orkestra-zuzendariaren esanetara, Mikel Iturregik EIOrentzat beren-beregi idatziriko lana estreinatuko dute
  • Euskadiko Musika Eskola eta Kontserbatorioetako ikasleek osatzen duten orkestra da EIO

Dena dago gertu, eta musikari gaztean aste osoan zehar ari dira entsegutan, goiz eta arratsaldez, asteburu honetan bertan eskainiko dituzten kontzertuak prestatzeko. Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) da, Euskadiko Kontserbatorio eta Musika Eskoletako 84 ikaslek osatutako taldea. Aste Santuko opor garai betean, neska-mutilek musika tresnei gogoz heldu diete, EIOren proiektuan buru-belarri murgiltzeko. Aurrez, orkestra gazte honetako kide izateko audizoak eta sarrera-probak gainditu behar izan zituzten guztiek, joan zen otsailean.

EHUren Bilboko Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian kontzentrazioa egiten ari direlarik, joan den igandetik (apirilaren 9tik) ari dira entsegutan, asteburuan izango dituzten kontzertuetarako. Eta horrelaxe jarraituko dute bihar arte. Gainera, egungo euskal zuzendaririk aktibo eta ospetsuenetariko baten gidaritzapean ari dira lanean, Iker Sanchez Silva gasteiztarraren esanetara. Sanchezen zuzendaritzapean, Juan Crisostomo Arriaga, Mikel Iturregi eta Antonin Dvorak-en lanak joko dituzte gazteek. EIOk egiten duen lan ona asteburu honetako kontzertuetan entzun ahal izango da: apirilaren 14an, ostiralean, Bilbon; larunbatean, hilak 15, Gasteizen; eta igandean, apirilak 16, Donostian.

EIOrekin ohiko bihurtu den gisan, kontzertu-programak aurten ere estreinuko obra berri bat eskainiko du. Musikari gazteek “Bi sehaska kanta” lana joko dute kontzertuetan lehen aldiz. Sopelako Mikel Iturregi konposatzaile gazteak beren-beregi EIOrentzat idatziriko lana da.

Bestalde, EIO Txikiak ekainaren amaieren egingo ditu egonaldia eta entseguak, ondoren kontzertuak eskaintzeko, ikasleek ikasturtea amaitu ostean. Joan zen martxoan audizioak eginda, EIO Txikia osatuko duten ikasleak ere hautatuta daude.

EIOren kontzertuetarako sarrera doakoa izan ohi da, auditorioaren edukiera bete arte.

Euskadiko Ikasleen Orkestra

Zuzendaria: Iker Sanchez

 

Egonaldia eta entseguak

Apirilak 9-13

M. Unamuno Ikastetxe Nagusia (EHU)

Bilbo

 

Kontzertua

apirilak 15, larunbata

Kontserbatorioa-Gasteiz

19:30etan

 

Kontzertua

Apirilak 14, ostirala

Kontserbatorioa–Bilbo

19:30etan

 

Kontzertua

Apirilak 16, igandea

Musikene – Donostia

12:00etan

EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestra

Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen hezkuntza-proiektu musikala da. Hainbat espezialitatetan musika ikasketak burutzen ari diren ikasleen topagunea da EIO, elkarrekin orkestra bat osatuz. Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi duen ekimen honek, musika jendaurrean eta orkestra bateko kide gisa jo dezaten plaza eskaintzen die ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika kontserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketa eskaintzea da. Alde batetik, ikasleen motibazioa piztu nahi du EIOk, musika ikasketetan jarrai dezaten; eta bestetik, kontserbatorioetan ikasleek landu ezin izango luketen errepertorio sinfoniko zabala jotzeko aukera ematen die.

Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten ari diren neska-mutilek osatzen dute, eta adinaren arabera, proiektuak bi orkestra desberdin ditu:

  • EIO: 15 urtetik 19ra bitarteko ikasleek osatzen dute. 2005-06 ikasturtean sortua
  • EIO Txikia: 9 urtetik 14ra bitarteko ikaslez osatua.

Informazio gehigarria