Lizitaziora atera dira Añanako etorkizuneko Ekoetxearen proiektua diseinatzeko lanak

0

• Ihobe Sozietate Publikoak argitaratu egin du Ekoetxea Sarearen Añanako Gatz Haraneko ingurumen-zentro berriaren Oinarrizko eta Gauzatzeko Proiektuaren erredakziorako baldintza-agiria

• Lehiaketaren hasierako inbertsioa 120.000 euro dira, eta arkitektura, eraikuntza, ingeniaritza eta ikuskapenaren arloko zerbitzuak aurreikusten ditu

• Añanako etorkizuneko Ekoetxea Arabako lehenengoa izango da, eta aurretik Bizkaian –Meatzaldea eta Urdaibai- eta Gipuzkoan –Azpeitia eta Txingudi- zeudenei gehituko zaie.

Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ekoetxea Sarea osatzen duten Euskadiko ingurumen-zentroen kudeatzailea den aldetik, lizitaziora atera ditu Añanako Ekoetxea zentro berriaren Oinarrizko eta Gauzatzeko Proiektua diseinatzeko lanak; lan horiek arkitektura, eraikuntza, ingeniaritza eta ikuskapen arloko zerbitzuak hartzen dituzte barne, eta 120.000 euroko inbertsioa ekarriko dute. Eskaintzak aurkezteko azken eguna apirilaren 20a da.

Proiektuak Gatz Haraneko antzinako «Biltegi Handia» edo «La Revilla Biltegia» birgaitzeari eta egokitzeari helduko dio, Euskadiko ingurumen-zentroen Ekoetxea Sarearen ekipamendu gisa erabiltzeari begira. Birgaitze- eta egokitze-lanen osoko inbertsioa 4 milioi ingurukoa izango da, eta espero da aurtengo abenduan hasi ahal izatea.

Añanako zentroaren integrazioa mugarri garrantzitsua izango da, zeren Ekoetxea Sareak Araban izango duen lehenengo zentroa izango baita; gainera, ingurune hori goi mailako helmuga turistikoa da, bai nazionala eta bai nazioartekoa, urtean 90.000 bisita baino gehiago izaten baititu. Jadanik funtzionatzen ari diren zentroei gehituko zaie: Meatzaldea eta Urdaibian, Bizkaian; eta Azpeitia eta Txingudi, Gipuzkoan.

Eraikina

Añanako Gatz Harana Fundazioak, bere esperientziarekin eta bisiten programarekin Ekoetxea proiektuari laguntzeaz gain, gaur egun hondatuta dagoen eraikin baten erabilera partziala lagako du, zentroaren sorrerarako, lizitatutako proiektua bertan gauzatuko baita. Eraikin hori La Revilla Biltegia da, Gatz Haranean zeuden gatz-biltegi garrantzitsuenetako bat -horren erakusgarria dira bai haren dimentsioak eta bai gatzaren bultzadari eusteko eraikitako horma-bularren kopuru handia-. Etorkizuneko eraikinak Gatz Harana Fundazioaren bulego batzuk hartuko ditu bere espazioetako batean.

Biltegi hau birgaitzen denean, Ekoetxea berria bertan eraikitzeko, lan horiek ondarea kudeatzeko irizpideen arabera egingo dira, beraren kokapenagatik, eta baita ingurumen-irizpideen arabera ere.

Era horretan, proiektuak arkitektura bioklimatikoaren, ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren printzipioak hartuko ditu kontuan, ingurumena eta osasuna errespetatzen dituzten produktuak, materialak eta sistemak erabiliz, eta baita inpaktua eraikinaren bizi-ziklo osoan minimizatzeko irtenbideak ere.

Lehenago, eraikinean zenbait lan gauzatu dira, hala nola barneko betelanaren huste mekanikoa; dokumentazio geometriko osoa; irakurketa estratigrafikoa; zundaketa arkeologikoak barnealdean; eraikinaren barneko hustuketa; eta aurretiko lan tekniko-arkitektonikoak (Eusko Jaurlaritzak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak planteatutako beharren programaren azterketa; eraikinaren azterlan bolumetrikoa, birgaitze-lanaren ostean; eta eraikinaren azterlan energetikoa, birgaitze-lanaren ostean).

Kokagunea

Lizitatutako proiektua Gatz Haranean kokatzen da, hau da, multzo hidrogeologiko korapilatsu bateko elementu batean; berau sistema konplexu baten oinarria da, eta bertan nekazaritza, basogintza eta abeltzaintza estu lotuta daude gatz-inguruneei eta gatzaren ekoizpenari.

Añanan modu hobezinean integratzen dira natura eta gizakia, eta hori oso lagungarria izango da Ingurumen-zentroen Sareak planteatzen dituen jasangarritasun-balioez sentsibilizatzeko eta informatzeko helbururako. Gainera, pizgarri garrantzitsua izango da garapen sozial eta ekonomikorako.

Euskadiko Ingurumen-zentroen Ekoetxea Sarea Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du, Ihobe sozietate publikoaren bitartez. Garapen Jasangarriaren 2030erako Helburuetatik abiatuta, asmoa da biodibertsitate, klima-aldaketa eta ekonomia zirkularrari buruzko politikak pertsonekin konektatzea.

Informazio gehigarria