Bilbo, Europako Batzordeak apirilaren 28an Bruselan emango duen Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua sariaren finalista

0

• Sari honek Europar Batasuneko hiriek, herriek edo eskualdeek gizarteratzea eta aniztasuna sustatzeko eta diskriminaziorik gabeko gizarteak sortzeko egiten duten lana aitortzen du.

• Bilbo Europako beste 10 udalerrirekin lehiatuko da 50.000 biztanletik gorako udalerrien kategorian.

• Gainera, beste bi atal daude: bata, 50.000 biztanletik beherako udalerriak, 9 hautagairekin, eta bestea, tokiko agintariak, ijito-herriaren inklusioa sustatzen dutenak, 5 hiri finalistarekin.

• Irabazleen iragarkia Bruselan egingo da, apirilaren 28an, sariak banatzeko ekitaldian.

Bilbo “Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua” sarietako 11 finalistetako bat da, 50.000 biztanletik gorako udalerrien kategorian. Beste bi kategoria ere badaude: bata, 50.000 biztanletik beherako udalerriak, 9 hautagairekin, eta bestea, tokiko agintariak, ijito-herriaren inklusioa sustatzen dutenak, 5 hiri finalistarekin.

Lehiaketa Europako Batzordeko Justiziaren eta Kontsumitzaileen Zuzendaritza Nagusiak antolatzen du, eta EBko hiriek, herriek edo eskualdeek gizarteratzea sustatzeko eta diskriminaziorik gabeko gizarteak sortzeko egiten duten lana aitortzen du.

Sarietan aniztasunari eta inklusioari buruzko ekimenak sartzen dira, hainbat diskriminazio-arrazoi (sexua, arraza- edo etnia-jatorria, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu-joera) eta intersekzionalitatea jorratzen dituztenak.

Bilboren hautagaitza tokiko jarduera-estrategietan eta zeharkako ekintza-planetan oinarritzen da, eta horien artean nabarmentzekoak dira “Bilbo Kulturarteko Hiria” III. Plana, eremu horretako proiektu estrategikoetako batzuk biltzen dituena: Zurrumurruen aurkako Estrategia, Immigrazioko Toki Kontseilua eta Erlijio Aniztasunaren Bizikidetzarako Mahaia, esaterako.

Era berean, garrantzitsua da adieraztea gobernantzako zeharkako eredu bat kudeatzearen eta udalerriko kulturarteko politiken prozesua eta eragina ebaluatzeko tresnak izatearen aldeko apustua egiten duela.

Zeharkako eredu horrek aukera ematen dio Bilbori belaunaldien arteko bizikidetzarako eta hiriko kolektibo guztientzako aukerak sortzeko eredu bat garatzeko, Berdintasunaren aldeko Bilboko Emakumeen Kontseiluaren edo Haurren eta Nerabeen Kontseiluaren bitartez.

Era berean, Bizkaiko hiriburuak nazioarteko sareetan egindako ekarpenagatik aukeratu dute. Bilbok estatuko eta Europako sareetan parte hartzen du, hala nola Europako Kontseiluaren Kulturarteko Hirien Europako Sarean eta Kulturarteko Hirien Estatuko Sarean (RECI), Europako Kontseiluaren kulturarteko integrazioari buruzko Adituen Batzordean (ADI-INT) eta EUROCITIES Migratzeko eta Integratzeko Lantaldean, besteak beste.

Bilbo nazioarteko komunitatearentzako hiri erakargarri bihurtu da, era berean Europako erreferente bihurtu da gizarte-politiken arloan.
Bilboko Udalak Bilbao Balioen Hiria (Balioen Agiria) proiektu estrategikoaren bidez balioak sustatzeko egindako lana ere azpimarratu du, baita 2030 Agendarekin eta NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuekin hartutako konpromisoa ere.

Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua sariketarako 82 hautagaitza jaso dira Europar Batasun osotik. Horietatik epaimahaiak 22 finalista hautatu ditu, nabarmenduz “inklusioa eta dibertsitatea sustatzearen eta laguntzearen aldeko erantzukizun-maila handia” erakutsi dutela.

Irabazleak sari horiek banatzeko ekitaldian jakinaraziko dira, Helena Dalli berdintasuneko komisarioak antolatua, Bruselan, apirilaren 28an.

“Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburu” Sariek EBko Aniztasunaren hilabetea osatzera datoz. Urtero egiten da maiatzean, dibertsitateak eta inklusioak lantokian eta gure gizarte guztietan duten garrantzia ezagutarazteko.

Aniztasunaren Europako hilabetea inauguratzeko ekitaldia apirilaren 29an izango da, sariak emateko ekitaldiaren biharamunean.

Informazio gehiago

REVIE