Etxebizitza Sailak nazioarteko lehiaketa bat jarri du abian Eibarko lantegi zahar batean gazteentzako alokairuko zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko

0
  • Hainbat herrialdetako administrazio publikoek Europan 17 nazioarteko lehiaketara aurkeztutako erronketako bat da. Lehiaketa 40 urte baino gutxiagoko arkitektoei zuzenduta dago
  • Irabazten duen taldeak zuzenduko ditu apartamentuak sustatzeko lanak

 Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Europan izeneko hiri- eta arkitektura-ideien lehiaketaren baitan etxebizitza publikoa eraikitzeko nazioarteko erronka berri bat proposatu du. Lehiaketa bi urtez behin egiten da kontinente osoko arkitekturaren arloko profesional gazteei -40 urterarte- zuzenduta. Oraingoan Eibar izan da aukeratutako herria, eta lantegi zahar batean zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko soluzio arkitektoniko berriak urratzeko proposamena egin da. Bizitokiak, eraikitzen direnean, gazteen esku jarriko dira alokairuan.

Eibarko Udalarekin lankidetzan proposatu den proiektuak erabiltzen ez den eraikin bat, hiriaren hego-ekialdean dagoen AIBE enpresaren garai bateko egoitza, birziklatu eta berrerabiltzeko beharra planteatzen du. Lantegi bertikal bat da, azalera gutxi hartzen du baina sei altuera ditu, guztira 2.970 m2. Etxebizitza Sailak hiriko industria-ondarea balioetsi nahi du lantegiak eta bizitegi-eraikinak dauden eremu batean.

Erronkak barne hartzen du ingurune degradatua –orografia konplexua du, kale estuak, eta bide batek eta mendi-hegal batek mugatzen dute– espazio berroneratu bihurtzea eraikinaren erabilera berriei esker. Etxebizitza Sailaren asmoa da eraikin hori elementu erakargarria izatea kokatuta dagoen auzoa, Txonta, birgaitzeko. Auzo horretan bertan, Saila auzoen hiri-berroneratze integralerako proiektu bat ari da sustatzen, eta 200 bat familiarengana iritsi da Europan 17 lehiaketara aurkeztuko den eraikinetik hurbil dagoen auzoko bulegoaren bitartez.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Europa osoko arkitektura-estudio gazteei –diziplina desberdinetako kideak dituzten taldeak izan daitezke- aurkeztu dien proposamenak eraikina inguratzen duten eremu libreak berroneratzeko beharra ere planteatzen du, horien artean gaur egun batere erabiltzen ez den aldameneko mendi-hegala. Eraikinaren beheko solairuetan auzo guztirako ekipamenduak izango lituzkeen leku bat sortzeko proposamena egiten da, gaur egun auzoan ez baitago halakorik.

Horrek bi helburu ditu: batetik, industria-ondarea berrerabiltzea eta etxebizitza bihurtzea, eta, aldi berean, herritarren egungo beharrei erantzutea. Erabiltzen ez diren eraikinei bigarren bizitza bat ematea Eusko Jaurlaritza Euskadiko hainbat herritan sustatzen ari den lan-ildo bat da, Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak nabarmendu duenez:  “eremuak berrerabiltzeko eta suspertzeko aukera aparta dugu herritarren, kasu honetan gazteen, egungo premietara egokituko diren etxebizitza-tipologia berriak aztertuz, eta, aldi berean, berritu beharra dago gizarte gisa ditugun etorkizuneko erronkei aurre egiteko, jasangarritasuna bultzatuz eta bizi-kalitatea hobetuko duten bizigarritasun-irizpideak bermatuz, apartamentuetan bertan kanpoko espazioak sortuta”.

Proiektu irabazleak 12.000 euroko saria eskuratuko du, eta urbanizazio- eta eraikuntza-proiektua garatzeko aukera eta lanak zuzentzekoa, eta bigarren planteamendu onenak 6.000 euro jasoko ditu.

Eusko Jaurlaritza da Europan lehiaketatik datozen proiektuak garatzen eta eraikitzen dituen administrazio bakanetako bat. Etxebizitza Sailak jada 184 etxebizitza sustatu ditu Basaurin (1991) eta 84 Mina del Morron (Bilbo, 2001). Azken bi deialdiak 2019an eta 2021ean egin ziren, Lasarte-Orian ehun bat etxebizitza babestu sortzeko eta Beizaman beste hamabi; bi proiektu horietan etxebizitza produktiboaren alderdia sakontzen da, bizitzeko eta lan egiteko aukera ematen duten etxebizitza-eredu berritzaileak bilatuz, kontzeptu horien beharra areagotu egin baita pandemia-garaian.

Informazio gehigarria