Europar funtsak Santa Klarako komentua ekipatzeko

0

2022ko martxoaren 11n Garraio, Mugikortasun eta Hiri-Agendaren Ministerioak errekuperazio, eraldaketa eta erresilientziaren testuinguruan titulartasun eta erabilera publikoko eraikinak zaharberritzeko dirulaguntza lerroaren deialdia aurkeztu zuen. Programa honen helburua titulartasun eta erabilera publikoko eraikinetan birgaitze jasangarriko eskuhartzeak sustatzea da eta, norgehiagoka bidez, tokiko erakundeei 600.000.000 bideratzen ditu.

Zarauzko Udalak Santa Klara komentua ekipamendu soziokultural bihurtzeko birgaitze eta eraberritze oinarrizko proiektua aurkeztu zuen Europako funtsetatik datorren laguntza-lerroa jasotzeko deialdi honetara. Xabier Txurruka alkateak jakitera eman duenez, deialdi honen behin-behineko ebazpena argitaratu da eta Ministerioak 3.000.000 euroko gehienezko laguntza eman dio Santa Klara komentua birgaitzeko Udalak aurkeztutako proposamenari. Guztira 1020 proiektu aurkeztu dira Next Generation funtsen laguntza-deialdi honetara, eta Zarauzko Udalak aurkeztutako proiektuak, denen artean, 19. puntuazioa lortu du, Ministerioak balioetsitako betekizunetan oinarrituta. Aipatzekoa da guztira 15 izan direla 3.000.000 euroko gehieneko laguntza lortu duten Estatu osoko toki-erakundeek aurkeztutako proiektuak.

Santa Klara komentua birgaitzeko eta eraberritzeko aurkeztutako oinarrizko proiektuak guztira 8.688.701,90 euroko aurrekontua du eta erabilera-programa zabal bat finkatzen du, elkartzeko, formakuntzarako eta erakusketa eta bitartekaritza-guneak barne hartzen dituena. Aurkeztutako proiektuaren kronograman jasotzen da obrek urtebete baino lehen hasi beharko dutela, eta nahitaez, laguntza-deialdi honen oinarriek hala zehazten dutelako, 2026ko martxoaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dutela.