Giza Eskubideen 20. Zinemaldia programa konprometitu batekin dator

0
PRUEBA

20.000 erle espezie (2023) filmak, Estibaliz Urresola Solagurenek zuzenduak, emango dio hasiera datorren apirilaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldiari, Udaleko Giza Eskubideen sailak eta Donostia Kulturak antolatuari. Inaugurazioko ekitaldian Carmen Castillo zinemagile eta idazle txiletarrak jasoko du aurtengo sari berezia.

Toi non plus tu n’as rien vu (2022) film frantsesak itxiko du zinemaldia apirilaren 28an, Victoria Eugenia Antzokian ere, film luzeen eta laburren sariak banatuko diren gala batean.

Aurtengo filmen proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira; Antzoki Zaharrean, berriz, bi emanaldi egingo dira. Bestetik, Tabakaleran hiru film proiektatuko dira, Zinema eta memoria zikloa osatzen dutenak. Aurten, 32 nazionalitateko 40 pelikula (27 film luze eta 13 film labur) programatu dira guztira.

Gainera, hiru film eskaini dira hiriko ikastetxeetako ikasleentzat. Guztira 10 emanaldi izango dira, presentzialak, Antzoki Zaharrean. Hauek dira filmak: Yoko oporretan (2022), Trash (2020) eta Gabi, 8 urtetik 13 urtera (2021).

5 erakusketa ere hartu dira zinemaldiaren programazioaren barruan.

Aurten, berriro ere, Esna TÚ giza eskubideei buruzko online jokoa izango da, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak antolatua, eta gai honetan parte-hartzaileek duten ezagutza probatuko duena.

Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jasotzen du, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Eusko Jaurlaritzarena, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bidez, baita hainbat GKEren eta erakunderen laguntza ere: Zehar, Unicef, Gehitu, Amnistia Internazionala, Acnur, SOS Arrazakeria eta FiSahara besteak beste.

Programazio hau solasaldiekin osatuko da eta haietan parte hartuko dute filmen protagonistek, zinemagileek eta hizpide diren gai sozialetan adituek.

Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea da zinemaldi honen helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua.

SARRERAK

Sarrerak (5 €) datorren ostiralean, apirilaren 14an jarriko dira salgai 11:30etik aurrera Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Internet bidez.

Doako emanaldietarako gonbidapenak egun berean jarriko dira publikoaren eskueran bi antzokietako leihatiletan baita online ere.