Iruretagoiena argazki funtsa

0

2019. urtean, Xanti Iruretagoiena argazkilariak eta Zarauzko Udalak hitzarmena sinatu zuten bere argazki-funtsaren egile-eskubideak herriari lagatzeko. Hitzarmen horri esker, Xanti Iruretagoienak 100 argazki-bilduma laga zizkion udalari, 1976tik aurrerako argazkiekin, eta horiek digitalizatu, katalogatu eta udal argazki artxiboan sartzeko konpromisoa hartu zuen.

Irudi horiek hainbat gai eta eratakoak dira (erreportajeak, kirol-lehiaketak, uholdeak, azpiegiturak, omenaldiak, inaugurazioak eta ikuskizunak, kultur-ekintzak, festak eta abar), guztiak Zarauzko bizitzaren lekuko. Herriko eta inguruko argazki zaharren bildumazalea ere izan zen Iruretagoiena, eta XIX. mendetik hasi eta 50-60ko hamarkadara bitarteko ehunka argazki bildu eta sailkatu zituen. Donazio horretatik abiatuta, 2020an erakusketa egin zen Sanz Enea erakusgeletan Photomuseum fundazioaren eskutik, 1978 eta 2001 arteko memoria kolektiboa gogorarazteko.

Ondare hori oso balio handikoa da gure herriko ohiturak eta desagertutako ondarea ezagutzeko. Bilduma hiru zatitan banatu zen, hiru urtetan digitalizatu eta katalogatzeko. 2023 urtean, azken zatiaren lanak amaitu dira, eta, jada, ikusgai daude www.zarauzkoartxiboa.org web orrian. Hori horrela, Xanti Iruretagoiena funtsaren eduki osoa herritaren esku dago, dagoeneko.