Zabalik da Zorrozaren bitartez Lutxana eta Burtzeña Bilborekin lotzen dituen bidegorria

0
PRUEBA

Erabiltzeko moduan da dagoeneko Barakaldo Bilborekin lotzen duen bizikleta-erreia. Lotura, zehazki, Lutxana-Burtzeña eta Zorroza auzo bilbotarraren artean datza.  Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du bidea, eta hiri bakoitzeko udalek gauzatu dituzte lanak.

Barakaldoko trazadurak 1,4 kilometro dauzka, baina obra osoaren ibilbidea, Bilbo barne hartuta, 1,7 kilometrokoa da. Trafiko motordunetik bereizita dago bizikleta-erreia, eta bizikleta-plataforma eta errepidea banatzeko plataforma 0,3-0,5 metrokoa da.

Zorrotzako kiroldegiaren ondoan hasten da bidegorria, eta Clara Campoamor kaleko Olabeaga-Zorroza bidegorriari lotzen zaio. Ondoren, N-634 errepidearen plataformara sartzen da. Errepide horretan murriztu egiten da motordun trafikorako erreien kopurua, eta Barakaldoranzko norabidean errei bakarra geratzen da, eta mantendu egiten dira, ordea, Bilboranzko egungo biak.  Galtzadaren eskuinaldetik doa bidegorria Barakaldorantz, motordun trafikoaren eta bizikleten artean nahasmendurik ez gertatzeko biribilgunetik igarotzerakoan eta Kadagua ibaiaren gaineko zubia zeharkatzerakoan.

Barakaldora iristean, bidegorriak N-634 errepidearen plataforma utzi eta Zumalakarregi kaletik igarotzen da. Kale horretan, errei bakarra utzi dute motordunen zirkulaziorako, baina bere horretan geratu dira aparkatzeko tokiak eta oinezkoentzako espaloiak. Bizikleta-bideak kale horretan zehar jarraitzen badu ere,  galtzadaren ezkerraldera aldatzen da 500 metroko tartean, autobus-geralekua saihesteko eta garajeetarako sarbideak eta kale-bidegurutzeak libratzeko.  Serralta parkearen ondoan,  Porturen dartsenako bizikleta-bideari lotzen zaio bidegorria.