Kolektibo zaurgarri erasotuena arabiarrena izan da berriz ere. Bigarren lekuan, gehien errepikatzen diren gorroto-delituak biktimaren sexu-orientazio eta -identitateagatik egin dira. 2022an Ertzaintzak 44 pertsona atxilotu zituen eta 246 inputatu zituen gorroto-delituak egiteagatik.
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua gaur goizean agertu da Eusko Legebiltzarraren aurrera, berak eskatuta, “Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2022ko Txostena” aurkeztera. Dokumentua UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendariak, Jon-Mirena Landak, zuzenduta eta koordinatuta egin da.
Txostenak Ertzaintzak 2022an erregistratutako 438 gorroto-gertakari aztertzen ditu, horietako gehienak, 435 (% 99,3), gorroto-delituak dira, eta 3 (% 0,68) gorroto izaerako arau-hauste administratiboak. Aztertu diren 435 delituetatik 9tan diskriminazio anizkoitzak erregistratu ziren; hori dela eta, kolektibo babestuen aurkako delituak guztira 444 izan ziren, eta kopuru hori 2022an erregistratutako gorroto-delituen kopurua baino handiagoa da.
Eusko Jaurlaritza txosten hau egiten hasi zen lehenengo urtearekin, 2016arekin, alderatuta, delituen kopurua esponentzialki igo da, batez ere 2021etik 2022ra. Igoera hori, alde batetik, gorroto-delituak ugaritu izanari egotz dakioke, baina baita gizartearen kontzientziazio handiagoari eta tolerantzia txikiagoari, poliziaren eraginkortasun handiagoari, legegintzaren bilakaerari eta beste hainbat arrazoiri ere.

Inputatutako pertsonak (29-34 orr.)
2022an Ertzaintzak 44 pertsona atxilotu zituen (2021ean baino bi aldiz gehiago) eta 246 inputatu zituen gorroto-delituak egiteagatik. Ertzaintzak agintari judizialaren eskuetan jarritako pertsonen profilari dagokionez, txostenak honako hau erakusten du:
- Gehienak, % 74 (182 pertsona), espainiarrak dira, eta horietatik 148 (% 81,3) Euskadikoak dira.
- % 42,8 Bizkaian bizi dira, % 28 Gipuzkoan eta % 10,4 Araban.
- % 76,8 gizonak dira eta % 22,7 emakumeak.
- % 67,4 18-50 adin-tartekoak dira.
Arrazakeria, xenofobia eta LGTBIfobia (16-18 orr.)
Erasotutako kolektibo babestuaren araberako delituen sailkapenari dagokionez, gehien-gehienek arrazakeriaren eta xenofobiaren biktima izaten jarraitzen dute (231 kasu, % 52, 2021ean baino % 42,6 gehiago), jarraian sexu-orientazio eta -identitateagatik egindako erasoak daude (96 kasu, % 21,6, 2021ean baino % 31,5 gehiago).
Tarte handira daude beste arrazoi batzuk, hau da, ideologia edo orientazio politikoa, aniztasun funtzionala, adina edo aporofobia:

Arrazismo eta xenofobiako delituen kasuan, diskriminazio nagusia pertsona arabiarren aurkako erasoak izan dira berriz ere: 68 kasu, guztizkoaren % 30.

Delitu-tipologia (17-20. orr.)
Tipologiaren araberako delituen sailkapenean lesioak dira nagusi (180 kasu, % 41,3), sarrien egiten diren delituak izanik, eta jarraian mehatxu-delituak (90 kasu, % 20,69) eta derrigortzeak (50 kasu, % 11,5) daude. Horietan guztietan, lesio, mehatxu edo derrigortze gehien jasan dituen kolektiboak arrazakeria edo xenofobiagatik jasan ditu.


Eremu geografiko eta espaziala (20-26 orr.)
Gorroto-delitu gehienak, 2022an, Bizkaian egin ziren, eta jarraian Gipuzkoan eta, azkenik, Araban. Udalerriei dagokienez, delitu gehien honako hauetan egin dira, ordenari jarraituz: Bilbon, Gasteizen, Donostian, Barakaldon eta Irunen.

Delitu horietako gehienak bide publikoetan egin dira (189 kasu, guztizkoaren % 43,5), eta segidan etxebizitzan (66 kasu, % 15,1). Gainerakoak, gutxi batzuk, ostalaritzako lokaletan, dendetan, ikastetxeetan, jai-barrutietan, kirol-instalazioetan, telefonoz edo Internet bidez egin dira.
