Euskarabideak Errigorak Nafarroan euskara sustatzeko bultzatzen dituen proiektuak ezagutu ditu

0

Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik bilera egin dute gaur Ibai Sueskun Errigora elkarteko ordezkariarekin. Errigora herri ekimena da, eta Nafarroako hegoaldea du ardatz. Euskara ofiziala ez den eremuetan egiten du lan, euskara sustatzeko eta, aldi berean, elikadura subiranotasuna sustatzeko.

Erakundeak duela hamarkada bat ekin zion bere ibilbideari, eta euskaltzaleen, nekazarien, ekoizle-eraldatzaileen eta kontsumitzaileen sare zabala hartzen du bere baitan, eta tokiko produktuak hurbiltzen dizkie, boluntarioen auzolanean oinarrituta. Bere kanpainen onurak Foru Komunitateko arlo horietan hizkuntzaren aldeko jarduerak babestera bideratzen dira.

Euskarabidearen eginkizunen artean euskararen erabilera sustatzea dago, hizkuntza erabiltzen den eremuak sortuz eta indartuz, bertan mintzatzeko ohitura indartuz eta horretarako aukera sozialak zabalduz. Bere eginkizunen artean dago, halaber, euskarari eta haren erabilerari buruzko informazio- eta sentsibilizazio-programak egitea gizarte-bizitzako eremu guztietan, bai eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea ere, helburu berarekin.