Hezkuntza Saila: sindikatuekin elkarrizketa

0

Elkarrizketa eta negoziazioaren alde egin duen apustuari leialtasunez eutsiz, Hezkuntza Sailak etengabe dauka zabalik Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten eragileekiko harremana. Eragile horien artean, azpimarratzekoa da hezkuntza arloko ordezkaritza sindikalarekin daukan elkarrizketa.

Elkarrizketa horren emaitza, legegintzaldi honetan hainbat akordio lortu dira Hezkuntza Saila eta langileen ordezkarien artean. Negoziazio-mahaiak irekita egon dira, eta era horretan ikasleei eta familiei ematen zaien zerbitzua hobetzeko akordioak lortu ahal izan dira, lan-baldintzak hobetzearekin batera. Lortutako itunen artean, aipatzekoa da joan den maiatzaren 26an irakasle funtzionarioen negoziazio-mahaian gehiengo sindikalarekin sinatutakoa.

Jarrerak hurbiltzeko eta etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko ahaleginak aurrera jarraitzen du, eta, horri esker, sindikatuetako ordezkariek eta administrazioak etengabe aztertzen dituzte eztabaida eta kontraste-eremuak. Ildo horretan, sindikatuen bilera deitzeko eta lan-eremuari buruzko hausnarketa partekatua egin ahal izateko LAB sindikatuak Hezkuntza Sailari egin dion eskaerak, dagoeneko fruituak eman dituen lan-modu baten aldeko apustua elikatzen du.

Eusko Jaurlaritzaren asmoa da orain arte lortutako aurrerapausoak sendotzea, eduki berriak lantzeaz gain. Etorkizuneko Hezkuntzaren Euskal Legea garatzeak, Hezkuntzako Zerbitzu Publikoa emango duten ikastetxeetako langileen lan-baldintzen inguruko azterketa eskatzen du.

Horretarako, Hezkuntza Sailak ahalik eta lasterren egingo die dei sindikatuei, negoziazio-eremuak elkarrekin aztertzeko eta Euskal Hezkuntza Sistemak lortu nahi dituen hobekuntzetan eragin zuzena izango duen adostasuna lortzeko.

Informazio gehigarria