Konponketarako eskubidearen alde egin du Europako Batzordeak

0

Europako Batzordeak produktuen konponketa sustatzeko arau-proposamena onartu du eta horri esker kontsumitzaileek dirua aurreztu eta hondakinak murriztu ahal izango dituzte.

Europako Batzordearen proposamen berriari esker, kontsumitzaileentzat errazagoa eta errentagarriagoa izango da produktuak konpontzea, berriak erostea baino. Horrela, Europako Itun Berdearen helburuak lortzen laguntzeaz gain, konponketen sektorea bultzatuko da, eta ekoizleak eta saltzaileak negozio-eredu iraunkorragoak garatzera bultzatuko dira.

Proposamen horren helburua da, alde batetik, produktuak konpontzeko eredua hedatzea gutxieneko lege-bermearen barruan, eta, bestetik, kontsumitzaileei produktuak konpontzeko eta berrerabiltzeko aukera errazago eta merkeagoak ematea legezko bermea iraungita dagoenerako edo desgasteagatik produktua ez dabilenerako.

Horrela, konponketarako beste eskubide bat gehitzen da, legezko bermearen barruan zein kanpoan. Saltzaileek konponketa eskaini beharko dute legezko bermearen barruan, salbu eta konponketa hori ordezkapena baino garestiagoa bada. Berme-epea igaro bada, kontsumitzaileek beste eskubide eta tresna batzuk baliatu ahal izango dituzte, konponketa errazagoa eta eskuragarriagoa izan dadin. Kasu horretan, kontsumitzaileek ekoizleei teknikoki konpon daitezkeen produktuak konpontzeko eskatu ahal izango diete, EBko Zuzenbidearen arabera.

Bestalde, ekoizleak behartuta egongo dira kontsumitzaileei haiek konpondu behar dituzten produktuen berri ematera. Gainera, kontsumitzaileek online plataforma bat izango dute, konponketa-tailerrak eta berritutako produktuen saltzaileak eremuka kokatzeko, kokapenaren eta kalitate-estandarren arabera sailkatuta. Era berean, konponketari buruzko Europako informazio-formulario bat eskatu ahal izango dute kontsumitzaileek, eta, bertan, modu gardenean egiaztatu ahal izango dituzte konponketaren baldintzak eta prezioa. Horrek eskaintzen konparazioa nabarmen erraztuko du.

Gainera, Europako kalitate-estandarra sortuko da konponketa-zerbitzuetarako. Helburua kontsumitzaileei kalitate handiagoa eskaintzeko konpromisoa duten tailerrak aurkitzen laguntzea da. Estandar hori EBko tailer guztientzat egongo da irekita, baldin eta gutxieneko kalitate-baldintzak betetzeko konpromisoa hartzen badute.

Europako Batzordearen proposamen hori Europako Parlamentutik eta Kontseilutik igaro behar da.