Menu testurizatua Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean disfagia duten pazienteentzat

0

Pasa den martxoaren 6an, Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko sukaldeak «Menu testurizatua disfagia duten pazienteentzat» proiektuari ekin zion. Teknika horri esker, disfagia duten pazienteek ohiko purearen ordez, bestelako jakiak jan ahalko dituzte: haragi-bolak, legatza amerikar erara, txerri-txuleta, oilaskoa edo bakailaoa. Gainera, platerak elikagai horien jatorrizko formak simulatuz eta testurizatuta aurkezten dira, hornigaiekin batera. Egunero, 50 paziente inguruk menu testurizatua jasotzen dute beren erretiluetan.

Proiektuaren helburua da disfagia duten pazienteei arreta espezializatua eskaintzea, elikagaiak testurizatzearen bidez. Horrela, batetik, nutrizio-kalitatea hobetuko da eta elikagaiak errazago irentsiko dira, eta, bestetik, dieta basalaren antzeko plater baliokide bat jatea lortuko da –proteinadun purearekin alderatuta, erakargarriagoa izango da–. Dietetika eta Nutrizio Unitatearen ekarpena izan du proiektuak.

Disfagia duen pazienteak zailtasun handiak izaten ditu elikagaiak irensteko. Historikoki, txikitutako elikagaiak eman zaizkie elikatzeko, hau da, proteinadun pureak. Orain arte, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak paziente mota horri egin dion eskaintza gastronomikoa menu birrindu eta lodi batean oinarritzen da, errazago irensteko eta kontrako eztarritik joateko arriskua gutxitzeko. Dieta monotono bat da; izan ere, osagaiak aldatzen diren arren, janaria funtsean beti bera da. Hala ere, menuko bigarren aukera izaten jarraitzen du, zenbait pazientek purea aukeratzen baitzuten, hautu pertsonalengatik.

Adolfo Pérez sukaldariak dioenez: «Elikadura Zerbitzukook uste dugu platera modu erakargarrian aurkezten badugu, zapore handiagoarekin, eta hura errazago irensteko produktuez laguntzen badugu, errazago jango duela pazienteak eta haren nutrizioari ere lagunduko diola». Elikadura-hobekuntza hori ahalbidetzeko, Sukaldaritza Zerbitzuak bere prestaketa-, prestaketa- eta platereratze-prozesuak aldatu ditu, eta sukaldari-postu bat gehiago sortu du.

Proiektua abian jartzeko, hiru asteko probaldia egin zen. Amaitzean, pazienteen iritzia ebaluatu zen: pertsonen % 85 gogobeteta geratu ziren, eta % 15ek ez zuten bi ereduen artean bat lehenetsi.
Testurizatutako plater guztiek dagokien hornigaia dute: hainbat modutan kozinatutako barazkiak. Ospitaleak eskaintzen duen karta honako hau da:

Haragi-bola testurizatuak tiratan moztutako azenarioarekin eta ilarrekin.
Testurizatutako legatza amerikar erara ziazerba-bolatxoekin.
Txerri txuleta testurizatua sagar eta piper gorrien konpotarekin.
Oilasko erre testurizatua Proventzako erara eginiko tomate errearekin.
Bakailao testurizatua ilarrekin moldean eta saltsa berdean.