Plana 3 urterako egin da, eta bere bide-orriak 4 xede-talderen gaineko inpaktuei ematen die lehentasuna: gizartea (herritarrak), pazienteak, profesionalak eta Osakidetzako zerbitzu-erakundeen sistema bera
Dokumentua Osakidetzako 300 profesional baino gehiagoren partaidetzaren eta lankidetzaren emaitza da, eta datozen urteotan erreferentzia estrategikoa izateko sortu da
Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduyk, Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Pérez Esquerdok eta Osakidetzako kalitateko zuzendariorde Maribel Romok gaur goizean aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean Osakidetzaren 2023-2025 Plan Estrategikoa.
Plan estrategiko berri honetarako aukeratutako leloak, Denok batera Osakidetza etorkizunerantz bultzatuz, dokumentuari lotutako espiritua eta jomugak laburbildu eta islatu nahi ditu.
Osasuneko sailburuak nabarmendu du Plan Estrategikoa partaidetza-prozesu baten emaitza dela, eta erakundeko profesionalen ahotsa aintzat hartu dela. Izan ere, “erakundea osatzen dugun pertsona guzti-guztiak gara Osakidetza. Guztiok partekatzen dugu proiektu bera”, eta ziurtatu du “Hau ez dela Osakidetzako zuzendaritzaren Plan Estrategikoa, Osakidetzaren Plan Estrategikoa baizik”.
Gogorarazi du, gainera, COVID-19aren pandemiak planaren sorrera baldintzatu duela, baina testuinguru hori gainditu dela eta lortu dela “pandemiatik irtetea erronka estrategiko berri baterantz bideratuta”.
Osakidetzaren 2023-25 Plan Estrategikoari kudeaketa aurreraturako ikuspegi berritua eman zaio eta 6 ildo estrategiko ditu ardatz, oraingo eta etorkizuneko inpaktuaren lau xede-talde identifikatzen dituztenak: gizartea (herritarrak), pazienteak, profesionalak eta Osakidetzako zerbitzu-erakundeen sistema bera.
Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Pérez Esquerdok plan berriaren diseinua orientatu duten zenbait ezaugarri espezifiko azaldu ditu bere mintzaldian: Osakidetzaren misioa eta ikuspegia betetzeko erreferentzia estrategikoa izatea; Osasun Plan berriari erantzutea; eta, partaidetza- eta lankidetza-estrategia baten bitartez jardutea Kudeaketa Aurreratuko Eredurantz bideratutako ebaluazioaren definizioan, hedapenean, jarraipenean eta sistematikan.
Zuzendari nagusiak, gainera, Plan Estrategiko berria abian jartzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Plana Osakidetzaren izateko arrazoi funtsezkoarekin lerrokatuta dago, hau da, euskal herritarrei osasun-arreta ematea, modu integralean, osasunaren sustapena eta prebentzioa eta gaixotasunaren arreta oinarri hartuta, osasun-emaitzarik onenen bila.
Kalitateko zuzendariorde Maribel Romok azaldu duenez, Plan Estrategiko berriak hiru ardatz nagusi ditu, ikuspegi estrategiko berri bat lankidetza-lidergoan oinarritutako eredu baterantz, partaidetza-estrategia batean bermatuta, eta helburuen eta ekintza espezifikoen ebaluazioa ildo estrategiko bakoitzean, planteamendua, hedapena eta emaitzak epe labur, ertain eta luzean neurtuta. Gainera, lehentasunezko lau esparruren gaineko inpaktua baloratu nahi izan du: gizartea, pazienteak, profesionalak eta sistema. Orobat, arrakastarako faktore kritikoak kontuan hartu nahi izan ditu Osakidetzaren misioaren eta ikuspegiaren esparruan.
Osakidetzaren Plan Estrategikoari jarraipena emateko egin beharreko hurrengo urratsetan, lankidetza- eta partaidetza-hedapena garatu beharko da datozen hilabeteetan Osakidetzako ESI bakoitzean. 2023rako lehenetsitako estrategiak eta ekintzak zerbitzu-erakundeetara hedatzeko aurreikuspenen arabera, adierazleak landu eta jomugak definituko dira Kudeaketa Aurreratuko Ereduaren esparruan, eta Osakidetzako zerbitzu-erakunde bakoitzaren estrategia planarekin zenbateraino bat datorren aztertuko da.
Itxarote-zerrendak murriztea eta inkestak baloratzea
Legebiltzar-taldeen esku-hartzearen harira, Osasuneko sailburuak Plan Estrategiko honen bi faktore garrantzitsu aipatu ditu: “plan bizia da, etengabe bilakatzen eta hobetzen ari dena”.
Era berean, aurtengo datuen bilakaera nabarmendu du, 2019koen aldean (pandemiaren aurreko datuak). Ildo horretan, Sailaren urteko aurrekontuan izan den 838 milioi euroko gehikuntza nabarmendu du. Aurrekontuak 4.638,9 milioi ditu guztira 2023. urte honetarako.
Sagarduik, gainera, biztanleko osasun-gastua azpimarratu du, 2.000 € gainditu eta 2.114 €-ko kopuru zehatzera iritsi baita. Per capita gastua 384 € handiagoa da.
Sistema suspertzen ari da, eta hala berresten dute sailburuak eman dituen datuek; izan ere, medikuntzako eta erizaintzako 1.438 langile gehiago daude, kontsulta guztien kopurua % 16 handiagoa da, eta larrialdietako kontsulten kopurua % 4 handiagoa, eta programatutako hileko ebakuntzak 2019koen gainetik daude.
Era berean, iragarri du aurtengo aurrekontuan Osakidetzaren egiturazko 919 lanpostu sortzea aurreikusten dela, eta gogorarazi du iaz Euskal Osasun Zerbitzuak 2.467 lanpostu gehitu zizkiola bere egiturazko plantillari, horietako 358 Lehen Mailako Arretan. Horren arabera, egitura 30.073 lanpostukoa da. Planaren ildo estrategikoetako bat azpimarratzeko asmoz, eta profesional onenekin arreta hobea eta handiagoa izateko, Osakidetzan 3.535 lanpostu finkatzeko enplegu publikoaren eskaintzaren probak amaitu direla esan du, eta orain “2020ko, 2021eko eta 2022ko enplegu publikoaren eskaintzak inskribatzeko aldian gaudela, guztira 7.639 lanpostu 110 lanbide-kategoriatan”.
Sailburuak Aste Santu honetan Etengabeko Arretako Guneetan (EAG) izan diren arreta-datuak ere aipatu ditu, txanda guztietako arretaren % 94,7 medikuek eta erizainek bete dute-eta.
Kirurgiako itxarote-zerrendei dagokienez, Sagarduik azpimarratu du 2022ko abuztuan 84 egunekoa zela eta gaur egun, 2023ko apirilean, 66 egunera arte murriztea lortu dela. Azaroaz geroztik 18 eguneko murrizketa lortu da zerrendetan. Osasuneko sailburuak ildo horretan lanean jarraitzeko eta zifrak are gehiago hobetzeko konpromisoa agertu du.
Garatzen ari diren azken gogobetetasun-inkestei dagokienez, Osasuneko sailburuak nabarmendu du Osakidetzaren inkesta korporatiboetan adierazitako gogobetetasun-maila oso handia izan dela urte hauetan guztietan eta bide horretatik jarraitu duela 2022an ere. Balorazio bikaina.