Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren arloko prestakuntza-beken deialdia egin da

0
Publicación SPRI: BIGlittle BASQUE COUNTRY UPV/EHU – Universidad del País Vasco – Euskal Herriko Unibertsitatea Elurretako ikasgela-eraikina – Gasteizko campusa Aulario Las Nieves – Campus Vitoria-Gasteiz
  • Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritzak bi beka deitu ditu, unibertsitate-tituludunak bi eremuetan espezializatzeko.
  • Prestakuntza-bekek 11 hilabeteko iraupena eta 17.500 euroko zuzkidura izango dute.
  • Programaren helburua da titulua lortu berri duten pertsonek Garapen Jasangarrirako Helburuetara bideratutako ikasketak edo ikerketak egin ahal izatea.
  • Beken programa 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programaren jarduera-planaren barruan dago.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da Lehendakaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren 2023ko martxoaren 30eko Ebazpena, 2023ko Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren arloko prestakuntza-beken programarako deialdia egiten duena.

Beken programaren helburu espezifikoa prestakuntza espezializatu aplikatua da, eta Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak agintzen dizkien prestakuntza-zereginetan onuradunek parte hartzea eta laguntzea sustatzen du. Hori dela eta, bekak beti egongo dira bideratuta ikaskuntzara eta bi arloetako gaitasunen eta trebetasunen garapen praktikora; eta onuradunek tutore bat izango dute esleituta; tutore horrek prestakuntzaren garapena gainbegiratuko du, eta prestakuntza-planean aurreikusitako gaitasunen eta trebetasunen ikaskuntza eta eskuratzea egiaztatuko du.

Horrela, bi beka deitzen dira unibertsitate-tituludunak Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren arloetan espezializatzeko, interes orokorreko eta garrantzi sozial handiko proiektuak garatzen laguntzeko. Interesdunek 2023ko maiatzaren 15era arte eman ahal izango dute izena beken deialdian.

Deialdiak honako hau xedatzen du: (1) beken iraupena 11 hilabetekoa izango da, hasiera-egunetik hasita, ahal dela irailean; (2) azken bost urteetan unibertsitate-ikasketak amaitu dituztenei zuzenduta egongo dira; eta (3) beka bakoitzaren zenbatekoa 17.500 eurokoa izango da.

Prestakuntza-beka horiek 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programaren barruan daude. Programa hori Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren legegintzaldiko jarduera-plana da.

Programaren helburuetako bat da 2030 Agendaren esanahiaren hedapena hobetzea eta GJHek adierazten duten eraldaketan gizarteratzeko mekanismoak antolatzea. Ildo horretan, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritzarako beken programak lehentasun horri erantzuten dio, titulua lortu berri duten pertsonek 2030 Agendarekin eta GJHekin lotutako ikasketak edo ikerketak egin ahal izan ditzaten, prestakuntza espezializatuaren bidez.

Informazio gehigarria