Zabalik da kultura alorreko dirulaguntzen deialdia, 131.000 eurorekin

0

Barakaldoko Udalak dirulaguntzen deialdia ireki du tokiko elkarteentzat, hirian kultura-ekimenak antolatzeko. Kultura-arloko dirulaguntzak eskatzeko epea apirilaren 15ean hasi zen, eta maiatzaren 15era arte iraungo du. Elkarteek erregistro telematikoaren bidez aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, udalaren www.barakaldo.eus webguneko egoitza elektronikoan. 131.000 euroko aurrekontua du partidak.

Urteko kultur proiektu edo jarduerak egin dituzten tokiko erakunde guztiek jaso ahal izango dituzte laguntzak, baita unean uneko edo ezohiko ekimenak egitea erabaki dutenek ere. Lehenengo kategorian 99.500 euro banatuko dira, eta bigarrenean, berriz, 31.500 euro. Zenbatekoak honela banatuko dira: 24.500 euro, 5.000 eurotik beherako aurrekontua duten proiektuetarako; 32.000 euro, 5.000 eta 10.000 euro bitarteko aurrekontua dutenetarako, eta 43.000 euro, 10.000 eurotik gorako aurrekontua dutenetarako. Jarduera puntualak edo apartekoak egiteko eskaerei dagokienez, guztizko zenbatekoa 31.500 eurokoa izango da, eta kategoria bakoitzari dagozkion zenbatekoak 15.000, 11.500 eta 5.000 eurokoak, hurrenez hurren.

Jendeari oro har zuzendutako programa, proiektu eta jardueretarako dira dirulaguntzak, eta literatura hedatzea, argitalpenak sortzea eta editatzea, arte plastikoak, musika-ikuskizunak eta euskara zabaltzea babesteko ekimenak bultzatzen dituztenak.

Laguntza horiek eskuragarri daude bide telematikotik, www.barakaldo.eus egoitza elektronikoan eta Barakaldo APP doako aplikazio mugikorrean.