Gaixoek eta haien familiek osatzen dituzten elkarteei zuzendutako bizi-kalitatea hobetzeko urteko laguntzen berri eman du Osasun Sailak

0

Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik Gobernu Kontseiluari aurkeztu dio EAEko gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzendutako laguntzen Agindua.

Laguntzek 300.000 euroko aurrekontu-hornidura dute, eta Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera eskatu ahal izango dira. Lehen batean apiril honetan argitaratzea aurreikusten da. Laguntzen helburua da 2023an egindako jarduerak finantzatzea, honako xede hau dutenak:

– Gaixoen trebetasunak eta baliabideak garatzen laguntzea, beren burua zaintzeko gaitasuna ahalik eta handiena izateko eta haien autonomia areagotzeko.

– Haien behar soziosanitarioak lagundu eta bideratzea osasun-sustapenaren ikuspegitik.

– Gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutza eta informazioa sakontzea.

– Eragindako pertsonen osasun-desberdintasunak gutxitzea eta genero-ikuspegia txertatzea.

Joan den urtean, laguntza horiek izaera horretako 85 proiektu finantzatu zituzten guztira: 27 Araban, 32 Bizkaian eta 26 Gipuzkoan.

Osasun Sailak funtsezkotzat jotzen du elkarte horiek gaixoen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde egiten duten ekarpena, hainbat alderditan islatzen dena, hala nola gaixotasunen errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktuan, edo autolaguntzako zerbitzu eta programen bidezko zuzeneko laguntza enpatikoan.