Gobernu Kontseiluak Dirulaguntzei buruzko Legearen Proiektua onartu du, genero-ikuspegia barne hartzen duena eta laguntzak eskuratzea errazten duena, behar ez diren administrazio-kargak ezabatzen baititu

0
  • Eusko Jaurlaritzak eta LaLiga erakundeak Euskadiko futbol-estadioetan droneak inhibitzeko sistemak jartzeko, erabiltzeko eta kontrolatzeko hitzarmena formalizatu dute 
  • Jaurlaritzak helegitea jarriko du euskal administrazioaren eta eskola-garraioko zerbitzua ematen duten enpresen arteko harremanak euskaraz ere egin behar direla auzitan jartzen duen epaiaren aurka

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan. Bertan, jakitera eman du Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak ematen dituen dirulaguntzen araubidea arautzen duen lege-proiektua onartu duela gaur. Legegintzaldi honetarako aurreikusita zegoen lege-ekimena da eta onura publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak lortzea du helburu. Bingen Zupiriak azaldu duenez, orain, erregulazio berri honekin, esparru juridiko orokor bat proposatzen da, eta dirulaguntzak esleitzeko orduan irizpideak planteatzen dira, hala nola diruz lagundu beharreko proiektuan edo jardueran genero-ikuspegia txertatzea, edo pertsona edo erakunde eskatzaileak emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak edo jarduerak garatzen egindako ibilbidea baloratzea.

ESKOLA-GARRAIOA

Eskola-garraioko zerbitzuaren kudeaketarekin lotutako epai bati dagokionez, bozeramaileak iragarri du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak errekurtsoa jartzea erabaki dutela EAEko Administrazioaren eta eskola-garraioko zerbitzua ematen duten enpresen arteko harremanak euskaraz ere egin behar izatea auzitan jartzen zuen epaiaren aurka. “Epai horrek ez zuen zalantzan jartzen autobus-gidarien, begiraleen eta ikasleen artean erabili beharreko hizkuntza-eredua. Kontratuan ezartzen zen Administrazioaren eta zerbitzu hori emango duten enpresen arteko harremanak euskaraz ere izan behar zuela”, adierazi du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran erabaki du Segurtasun Sailak eta Futbol Profesionalaren Ligak (LaLiga) lankidetza-hitzarmena sinatzea Euskadiko futbol-estadioen barruan eta inguruan tripulatu gabeko aireontziek asmo txarrez edo zuhurtziarik gabe hegan egitea eragozteko. Bozeramaileak adierazi duenez, bai Eusko Jaurlaritza bai LaLiga ondo jabetuta daude drone horiek segurtasun publikoarentzat duten benetako arriskuaz, eta uste dute beharrezkoa dela horiek detektatu eta inhibitzeko sistemak hedatzea.

Halaber, Gobernu Kontseiluak Lanbidek 2,4 milioi eurotan mikroenpresei enplegua mantentzeko laguntza-programa handitzea erabaki du, jasotako eskaeren bolumen handiaren ondorioz. Europako funtsei lotutako kopuru hori orain arte emandako 12,9 milioiei gehituko zaie, eta helburua du ekintzailetzari eta trantsizio ekologiko eta digitalerako inbertsioak egin dituzten enpresei laguntzea.

Bestetik, Gobernantza sailak Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak 2022. urteari buruz egindako balantze-txostenaren aurkezpena egin du du gaurko bileran eta informazio publikoa eskuratzeko herritarren eskaeren kopuruak gora egin duela ondorioztatu du eta bai informazio publikoa eskuratzeko eskubideak bai publizitate aktiboak hobera egin dutela ere. Hala erakusten dute, besteak beste, Gardena gardentasun atarira egindako bisiten datuek, eta baita Legegunea webguneak, Open Data Euskadik (datu irekiak eta berrerabilgarriak eskaintzen ditu) edo kontratatzailearen profilak emandako datuek ere.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailarekin zerikusia duten hainbat gaien berri ere eman du sailburuak. Alde batetik, urteroko bi deialdi onartu dira, batetik ikus-entzunezko produkzioa sustatzeko dirulaguntzena (2.430.000 euro film luzeei eta laburrei zuzendua) eta bestetik 375.000 euro onartu dira tokiko erakundeek artxibo sistemak martxan jartzeko edo sendotzeko. Bestalde, 2023ko ekitaldian “Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporánea de Bilbao, S.L.” bitartez milioi bat euro inbertitzeko baimena onartu da Guggenheim Bilbao Museoaren bildumarako funts artistikoak erosteko. Horrez gain, 340.000 euroko dirulaguntzen deialdia onartu da gaur, 2023ko ekitaldian jarduera fisikoaren arloko orientazio zerbitzuak sortzeko eta mantentzeko. Deialdia Europar Batasunak finantzatutako Next Generation planaren barruan dago eta helburua du jarduera fisikorik ezak eta sedentarismoak gizartean eragiten dituzten arazoei aurre egitea da.

Amaitzeko, Turismo sailaren eskutik 5,5 milioi euroko zuzeneko dirulaguntza onartu da, Done Jakue bidetik igarotzean erabilera turistikoa duten interes kulturaleko 14 ondasun birgaitzeko. Dirulaguntza horien helburua da turismo-erabilera duten titulartasun publikoko kultura-intereseko ondasunen birgaitzea finantzatzea eta egitasmo hau Europar Batasunak finantzatzen ditu Next Generation EU funtsen bidez.