Milioi bat euro ikastetxe publikoetako elkarrizketa-laguntzaileen programarako

0

Hezkuntza Sailak 171 elkarrizketa-laguntzaileren egonaldia finantzatuko du datorren 2023-2024 ikasturtean

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, lankidetzarako oinarri batzuk sinatzea baimendu du gaurko bileran. Hezkuntza Saila eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren arteko lankidetza hitzarmen horren bidez, 2023-2024 ikasturtean Euskadiko ikastetxe publikoetan arituko diren elkarrizketa-laguntzaileen jarduera arautzen da.

Datorren ikasturterako, hitzarmen hau tarteko, Hezkuntza Sailak 171 elkarrizketa-laguntzaile jasotzea eta finantzatzea aurreikusten du, bere menpeko ikastetxe publikoetarako, batez ere Bigarren Hezkuntza eta Hizkuntza Eskola Ofizialetarako, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza indartzea helburu hartuta. Hezkuntza Sailak finantzatuko dituen 171 elkarrizketa-laguntzaileen artean, 157 ingeles hizkuntzakoak izango dira, bederatzi frantsesekoak eta bost alemanekoak. Aipaturiko 171 laguntzaile horiei beste 31 ere gehituko zaizkie, Ministerioak finantzatuak azken hauek. Beraz, 202 elkarrizketa-laguntzaile izango guztira Euskadin datorren ikasturtean.

Hezkuntza Sailak 1.094.400 euro bideratuko ditu datorren 2023-2024 ikasturtean laguntzaile hauen egonaldia finantzatzeko. Hilero jasoko duten dirulaguntzaz gain, osasun-estaldura ere jasoko dute Elkarrizketa-laguntzaileen programan parte hartzen duten pertsonek, Europako osasun-txartelik ez duten kasuetan. Laguntzaile hauen egonaldia eta lana 2023ko urriaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra bitartean burutuko da.

Ahozkotasuna indartzea

Elkarrizketa-laguntzailea, bere jatorrizko herrialdean graduatu berria edo azken ikasturteko unibertsitate-ikaslea izan ohi da. Honi ez zaio irakasle titular baten erantzukizunik esleitzen. Hortaz, ez da irakaskuntzan bera bakarrik aritzen. Atzerriko hizkuntzako eskoletan irakasleei laguntza emateko zeregina dute elkarrizketa laguntzaileek. Euren berariazko eginkizunak, batik bat, ikasleen ahozko trebetasunak indartzera daude bideratuta. Astean 12 orduz ematen dituzte eskolak, irakasle titularrak lagunduta, inoiz ez bakarrik.

Irakasleak koordinatuta eta gainbegiratuta, laguntzaileari, besteak beste, eginkizun hauek eman ahal izango zaizkio: elkarrizketako berariazko praktikak prestatzea, irakasleen prestakuntza, hizkuntza eta kultura ikasteko materialak prestatzea edo euren herrialdeko kulturarako hurbilketarekin zerikusia duten jarduerez arduratzea.