Pertsonek beren tratamendu medikoak manten ditzaten bermatzeko laguntzen beste deialdi bat aurkeztu du Osasuneko sailburuak

0
  • Agindua EHAAn argitaratu ondoren egin ahal izango dira eskabideak, seguruenik apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran
  • Osasun Sailak hamargarren urtez jarraian eman dituen laguntza horiek hasi zirenetik, 41,5 milioi euro bideratu dira 

Gobernu Kontseiluak bidea eman dio gaur Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduiren Aginduari, Espainiako Gobernuak ezarritako koordainketa farmazeutikoaren aurrean tratamendu medikoak betetzea erraztera bideratutako laguntzen deialdia egiteko, inork ez diezaion utzi, arrazoi ekonomikoengatik, agindutako sendagaiak hartzeari.

Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu ondoren egin ahal izango dira eskabideak, seguruenik apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran.

Euskadi izan zen errenta baxuak dituzten pertsonentzako eta egoera zaurgarrian dauden taldeentzako (pentsiodunak, langabeak, egoera irregularrean dauden etorkinak…) konpentsazio-neurriak inplementatu zituen Estatuko lehen erkidegoa.

Hala, laguntza horiek hasi zirenetik, hamargarren urtez jarraian emanak, Eusko Jaurlaritzak 758.000 eskabide baino gehiago tramitatu ditu, 41,5 milioi euroko zenbatekoaz. Eta hori guztia, kontuan harturik 2021ean handitu egin zela farmazian ordaintzetik salbuetsitako kolektiboen kopurua.

Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean eskatzeko laguntza horien onuradunak izango dira:

– Gizarte Segurantzako pentsiodunak eta haien onuradunak, baldin eta urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.

– Legezko langabezia-egoeran dauden pertsonak eta haien onuradunak, baldin eta urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.

– Diru-sarrerak bermatzeko errenta laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren modalitatean jasotzen duten pertsonak eta haien onuradunak, baldin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen osasun-txartel indibidualaren titularrak badira.

– Espainiako Estatuan erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoak osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea aitortzeko emandako egiaztagiria badute.