Egoitza Bilbon duen Drone by Drone enpresaren sorrera Kepa Junkeraren bideoklip batean 2014an egindako ikus-entzunezko lana izan zen. Ordutik, aeronautikaren arloarekin lotutako profesionalek osatutako enpresa honek ikus-entzunezkoen sektoreari lotuta jarraitu du, eta bere eskaintzari nekazaritzaren, industriaren, ingurumenaren edo segurtasunaren sektorerako lanak gehitu dizkio, besteak beste. Gainera, droneei buruzko aholkularitza eta prestakuntza eskaintzen du partikularrentzat, enpresentzat eta erakundeentzat, eta Aire Segurtasuneko Estatu Agentziaaren agiria du.
“Gaur egun, gure lana oso ugaria da, ez gara zentratzen nitxo bakarrean. Asko ikasten dugu lankidetzan aritzen garen sektore bakoitzetik. Bezeroak gero eta zorrotzagoak dira, eta horrek lan egiten ari garen arlo bakoitzean berrikuntzak egitera behartzen gaitu”, Drone by Drone enpresako zuzendari tekniko Ander García Barrosok azaldu duenez. Ikus-entzunezko sektorean, bere droneei esker, kalitate handiko aire-filmazioak eskaintzen ditu enpresak, adibidez, ETBko Teleberrirako baso-sute baten grabazioa.
Konpainiaren arduradunen arabera, Drone by Dronek egin duen lanik nabarmenetako bat Txakoli Txabarrirekin batera egindako proiektua da. Doitasunezko nekazaritzarekin lotuta dago, uztak etengabe monitorizatuz. Izan ere, lan horrek elikagai-berrikuntzaren saria jaso zuen 2019ko BTEM Sarietan, Aztik sustatuta.
Gaur egun, konpainia Nexada proiektuan murgilduta dago, uraren zikloan kudeaketa adimentsu eta iraunkorrerako soluzio berritzaileak garatzea helburu duen ekimena. Bertan, Drone by Drone, Aquaradar enpresa bizkaitarrarekin lankidetzan, “ekoizpenaren eraginkortasuna optimizatzean zentratzen da, jatorrian, prozesuan zehar kalitate-kontrola hobetuz, kutsadura eta arriskuak murriztuz”, García Barrosok azaldu duenez. Nexada proiektua Galiziako Elikagaien Klusterrak (Clusaga), Catalan Water Partnershipek (CWP) eta Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Aplikatuaren Industrien Elkarteak (GAIA) sustatzen dute.
Etorkizunari begira, enpresaren helburua “dronen onurak zabaltzea da, gure ustez aukera asko baititu. Zerbitzu horien pertsonalizazioan hazten jarraitu behar dugu, eta gure bezeroei erakutsi behar diegu eraginkorrak, errentagarriak eta onuragarriak direla enpresarentzat eta ingurumenarentzat”, adierazi du zuzendariak.
Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.