Euskal Diasporan, 2022-2023 ikasturteko, graduondoko «Politika diasporikoak, euskal kasua» moduluaren hasiera

0

Joan den asteartean, hilak 18, hasi zen, 2022-2023 ikasturteko, Euskal Diasporako graduondoko —aurrez aurrekoa eta online—, «Politika diasporikoak, euskal kasua» modulua, bi eskola emanez. Bat Gorka Álvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako arduradunaren aldetik, eta bestea Benan Oregi Zuzendaritza horretako teknikariaren aldetik. Datozen asteetan Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Europa Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak hitz egingo dute.

Joan den asteartekoa «Politika diasporikoak, euskal kasua» moduluaren lehen saioa izan da, eta datozen asteetan beste 4 saio emango dira. Modulu honek 5 saio ditu guztira.

Lehenengo argazkia moduluaren aurkezpenaren une batekoa da: ezkerretik eskuinera, Gorka Álvarez Aranburu —Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria—, Óscar Álvarez Gila —graduondoko zuzendaria— eta Benan Oregi —Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako teknikaria—. Hirugarren eta laugarren argazkietan, hurrenez hurren, Gorka Álvarez Aranburu eta Benan Oregi, eskolak ematen.

XXI. mendeko euskal Diaspora

Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak —bigarren argazkian— euskal emigrazio historikoaren olatu nagusien arrazoiei ekin zien bere saioan: Maiorazkoaren erregimena euskal baserrietan eta erbestealdi politikoko boladak, batez ere Amerikara, gerren ondoren; euskal nazioarteko mugikortasun berria eta XXI. mendeko euskal diaspora artikulatzeko erronka —denen artean: hemengoak eta hangoak—. Eta Euskal Diasporaren Lege berria, egiten ari dena, berrikuntza prozesu osoren elementu katalizatzaile gisa identifikatu zuen.

Bestalde, Benan Oregi Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako teknikariak —hirugarren argazkian— nazioarteko politika diasporikoen azterketa egin zuen, bizitzen ari garen garai berri horietarako politika berriak —epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin— sortu behar direlako eta ondoko gai hauek ukitu zituen: Euskal diasporaren lege berriaren eduki nagusiak eta euskal diasporaren fenomenoaren “gobernantza” aztertu zituen; migrazioa munduko gobernu-agenden lehentasunezko gai gisa ezarri zuen; migratzaile berrien harreraz eta euskal migraziorako —historikoaz eta modernoaz— itzulera-egituraz jardun zuen; euskal diasporaren entitate numerikoaz hitz egin zuen, eta horren barruan dauden nortasunak aipatu zituen. Eta beste gai batzuen artean, euskal Diasporari buruz ere hitz egin zuen, esanez balioa eman behar diogula gure Diasporari «soft power» handi modura, “botere bigun” horrek munduan eragiteko duen gaitasunagatik.

Informazio gehigarria