Eusko Jaurlaritza eta Udala akordio batera iritsi dira Gasteizen alokatzeko etxebizitza publikoa eraikitzeko eta zaharberritzeko

0
  • Akordioari esker, 960 etxebizitza eraiki ahal izango dira Salburuan eta Gasteizko Udalaren 62 etxebizitza zaharberritu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzak gizarte-alokairuko parke publikoan sartzeko
  • Etxebiden hirian izena emanda dauden 9.371 pertsonetatik % 90ek alokairuan eskatzen dute etxea

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila eta Gasteizko Udala akordio batera iritsi dira Arabako hiriburuan alokairuko etxebizitza publikoa eraikitzea eta zaharberritzea babesteko.

Lortu duten akordioa hitzarmen batean jasoko dute, eta aurreikusten du 960 etxebizitza eraikitzea. Horrek ekarriko du Jaurlaritzak 130 milioi euroko inbertsioa egitea Salburua auzoan egingo diren eraikuntza-lanetarako. Hitzarmenak agiri bakarrean bilduko ditu hiriko alokairuko etxebizitza babestuaren arloko jarduketak: alde batetik, aurreko hitzarmenetan hartu ziren eta gauzatu gabe geratu ziren konpromisoak jasoko dira (543 etxebizitza) eta, bestetik, Udalak beste lurzoru batzuk dohainik utziko ditu beste 417 etxebizitza eraikitzeko.

Horrez gainera, Gasteizko Udalaren jabetzakoak diren eta hutsik dauden etxebizitzak birgaitzeko proiektua jasoko da proiektuan, eta modu iraunkorrean Eusko Jaurlaritzaren gizarte-alokairuko parkean sartzeko izango dira. Alde horretatik, akordioak barne hartzen du 62 etxebizitza sartu ahal izango direla alokairu babestuko programan, eta horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ebaluatuko da hitzarmenaren jarraipen-batzordearen bidez. Etxebizitza horien artean, Udalak hutsik dauden 15 etxebizitzako lehenengo multzo bat planteatuko du hitzarmena sinatu eta lehenengo sei hilabeteetan adierazitako baldintzak jarraituz ebaluatzeko.

Adostu den testuak orain hasiko du izapide administratiboa, eta % 95eko hobaria barne hartzen du Eusko Jaurlaritzak Arabako hiriburuan alokairura bideratuta sustatzen dituen BOE sustapen guztietako Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergan (EIOZ).

Akordio honen bidez, bi erakundeen asmoa da merkatu arrunteko alokairuen prezioei aurre egin ezin dieten pertsonei etxebizitza eskuratzen laguntzea eta hiritarren artean dagoen eskaerari erantzutea, gehiengo handi batek (Etxebiden izena emanda dauden 9.371 pertsonen % 90ek) etxebizitza alokairuan eskatzen baitu.

Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuak adierazi duenez, hitzarmena “aurrerapauso handia da gasteiztarrentzat eta, batez ere, etxebizitza eskuragarria eskatzen duten milaka pertsonarentzat, eta horien premiei hobeto erantzun ahal izango diegu Salburuan etxebizitza horiek eraikita”.  Bestalde, pozik agertu da Gasteizko Udalarekin lortu duen akordioarekin, eta “erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da gai sentiberei, eta halaxe da etxebizitzarena, erantzun eraginkorra emateko”, erantsi du.

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi du: “Gasteiz beti egon izan da egoerak eskatzen zuen mailan etxebizitza babestuaren arloan, eta orain berriz egiaztatu du horrela dela, hitzarmen honek etxebizitza babestu berriak eraikitzea eta udal-etxebizitzen parkea zaharberritzea bateratuko baititu. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak baliabide guztiak jarriko ditugu mahai gainean une honetan dagoen bizileku-beharrari erantzuna emateko”.

Informazio gehigarria