Eusko Jaurlaritza garapenerako laguntza ofizialaren estatuz azpiko emaile nagusien artean dago mundu mailan

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
  • Nerea Melgosak hainbat txostenetako lehena aurkeztu du, lankidetza deszentralizatua neurtzeko sistema faltari erantzuten saiatuko direnak
  • Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko 11 herrialdetako eskualdeetako eta tokiko gobernuek 2.703 milioi dolar bideratu zituzten garapenerako laguntza ofizialera 2020an

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Nerea Melgosak, Lankidetza Deszentralizatuari buruzko 2022ko txostena aurkeztu du gaur goizean. Sailburuarekin batera, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariak, Paul Ortegak, txostena argitaratzearen garrantzia azaldu du. Txosten horrek tokiko eta eskualdeetako gobernuek 2016-2020 artean mundu mailan eman zuten garapenerako laguntza ofiziala aztertzen du.

Aurkezpena Nerea Melgosaren hitzekin hasi da, eta estatu azpiko gobernuek garapenerako lankidetzaren nazioarteko sisteman duten parte-hartzea azpimarratu du, “partaidetza horrek balio erantsi handiko ekarpena da pertsonen eta herrien bizi baldintzak hobetzeko eta mundu osoko pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokan”.

Sailburuak gaineratu du, “lankidetza deszentralizatua nazioarteko sisteman parte hartzeko gure eredua da, eredu propioa eta sarean jarduten duena”, eta nazioarteko elkartasunerako diharduten erakundeei, GGKEei, eragile sozial eta akademikoei eta herritarrei erreferentzia egin die. Ildo horretan, adierazi du “euskal lankidetza ezin da soilik eLankidetzaren edo GGKEen gaia izan, guztion konpromisoa baizik, herrialde konpromisoa”, eta gogorarazi du printzipio horrek Lankidetza eta Elkartasunari buruzko Euskal Legearen Aurreproiektua inspiratzen duela. Aurreproiektu hori izapidetzen dago.

Lankidetza deszentralizatua, askotariko fenomenoa

Lankidetza deszentralizatua askotariko ereduen bidez gauzatzen da, eta Hegoko zein Iparreko gizarte zibileko eragile ugari inplikatzen ditu. Era berean, lankidetza mota hori elkartasunean oinarritzen da, eta ez interes nazional, diplomatiko edo komertzialetan.

Paul Ortegak gogorarazi duenez, eredu honekin sortzen diren harremanak “hurbilagoak dira eta lurraldeetako hainbat eragilerekin egiten dira, eta, gainera, behetik eta horizontalagoak diren sareak sortzeko aukera ematen du”.

Horregatik guztiagatik, lankidetza deszentralizatuak nazioarteko erakundeen arreta gero eta handiagoa piztu du, “erronka globalen aurrean berariaz eta modu nabarmenean laguntzeko duen potentzial handiagatik”, esan du eLankidetzako zuzendariak. Txostena urrats bat da gertuagoa den lankidetza eredua honen azterketan; izan ere, mundu mailan ez dago lankidetza deszentralizatua neurtzeko sistemarik.

Lankidetza deszentralizatuaren zertzelada batzuk

Azterlanak Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko 11 herrialdetako eskualdeetako eta tokiko gobernuen datuak erakusten ditu. 2020an, gobernu horiek 2.703 milioi dolar bideratu zituzten garapenerako laguntza ofizialera. Azken hamabost urteetan, lankidetza deszentralizatua ia hirukoiztu da.

Pandemiaren urtean, Eusko Jaurlaritza nazioarteko bigarren emaile handiena izan zen 54 milioi dolarrekin, 49 milioi euro inguru. Euskal Lankidetza Publikoaren atariaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek, hiru hiriburuetako udalek eta Euskal Fondoak 67 milioi euro bideratu zituzten guztira elkartasun-ekimenetara.

Beste datu garrantzitsu bat da Espainiar Estatua dela munduko herrialde emaile deszentralizatuena, eta herrialde horretako garapenerako laguntza ofizialaren % 36 autonomia erkidegoko eta tokiko aurrekontuetatik datorrela. Lankidetza hori, batez ere, GGKEen bidez egiten da, eta laguntzaren % 11 gizarte-eraldaketarako hezkuntzako ekimenetara bideratzen da.

Lankidetza deszentralizatua askotarikoa da, eta hala erakusten du txostenak. Zenbait kasutan, hala nola Kanadan, laguntza errefuxiatuen harrerara bideratzen da, eta Frantziak, bere aldetik, zuzeneko lankidetza deszentralizatuaren ehuneko handienetariko bat du. Batez ere, ur eta saneamenduko proiektuetara bideratzen du.

Azkenik, txostenak kasu zehatz batzuk erakusten ditu, hala nola Flandeseko gobernuak Afrikako gobernuekin batera egiten duen lankidetza zuzena, Japoniako prefektuen eta hirien esperientzia lankidetza teknikoan, edo AKUAL programa, Erdialdeko Amerika-Euskadi ur eta saneamenduaren arloko erakundeen arteko lankidetza ekimena.