Melgosa sailburuak esan du seme-alabengatiko laguntzen lehen ordainketak datorren astean antolatuko direla, eta maiatzean 8.000 familiatik gora hasiko direla horiek kobratzen

0
  • Eusko Jaurlaritzak 42.446 eskaera jaso ditu, eta horietatik hamarretik bederatzi hiru urtetik beherako seme-alabei dagozkie
  • Nerea Melgosak balioa eman dio atzo Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak “Zainketen aldeko Herri Itun bat abian jartzeko” emandako lehen urratsari. Gai hori “zentrala da, eta gehiagora joango da”

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak gaur adierazi du Radio Vitorian seme-alabak hazi eta mantentzeko hileko diru-laguntza berrien lehen ordainketak “datorren astean antolatuko direla” 1.500 familiari baino gehiagori laguntzeko. Maiatzean, 8.000 familia baino gehiago egongo dira laguntzak jasotzen.

Zehazki, Melgosak zuzentzen duen sailak 42.446 eskaera jaso ditu, eta horietatik 7.210 Arabako familiarenak dira. Aurkeztutako eskaeren % 89,49 0tik 3 urtera bitarteko laguntzei dagozkie; % 10,26 hiru urtetik 7 urtera bitarteko hirugarren edo hurrengo seme-alaben eskaerak dira; eta ehuneko bat baino ez da ezintasunen bat duten adingabeen laguntzei dagokie.

“Pazientzia eskatzen diet eskatzaileei, pixkanaka diru-sarrerak jasoko baitituzte”, esan du Melgosak, eta, aldi berean, kobratzeko eskubidea duten familia guztiek urtarrilaren 1etik dagozkien kopuru guztiak jasoko dituztela gogorarazi du. Izan ere, “atzeraeragina aplikatuko da kasu guztietan”. “Laguntza hauek abian jartzeko prozesua neketsua eta bizia izan da, eta taldean egiten ari den lana nabarmendu nahi dut”.

Lehenik nork kobratzen duen markatzeko irizpidea eskaera ordenarena da, tramitazio konplexuagoa behar duten espedienteak izan ezik, gehiago atzeratuko baitira. Hainbat ekitalditan laguntzak jasoko dituzten haurren eskaerak dira.

Gaur goizean Aratz Goikoetxeak Radio Vitoria Gaur saioan egindako elkarrizketan, sailburuak nabarmendu du Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak Confebaskekin eta UGT eta Comisiones Obreras sindikatuekin egindako lanaren ondorioz, Gizarte Elkarrizketarako Mahaiko Gizarte Politiken lantaldearen esparruan, akordio bat lortu dela Zaintzaren aldeko Herri Itun bat abian jartzeko bidean aurrera egiteko. “Gure gizartea zahartzen ari da, eta dagoeneko gai nagusi bat da, datozen urteetan areagotuko dena. Hurrengo hamarkadan 65 urte edo gehiago izango ditugunak gure gizartearen ia herena izango gara. Horrek egungo zaintza-eredua eraldatu beharra ekarriko digu”, azpimarratu du.

Gainera, programan Barnahus proiektuari buruz ere galdetu zaio, hau da, Gasteizen modu pilotuan haur eta nerabeei egindako sexu-abusuak artatzeko arreta integraleko zentroari buruz. Ildo horretan, sailburuak adierazi du, “datozen hilabeteetan irekitzea aztertzen ari garen arren, zuhurragoa da datarik ez ematea momentuz”, esan du. Horri dagokionez, Melgosak adierazi du aurrera egiten ari dela pilotajea hiru esparrutan gauzatzen: “lokala egokitzeko obra prestatzean eta eratu aurreko proba egiteko beharrezkoak diren baliabide materialak (informatikoak eta teknologikoak) hornitzean eta inplementatzean; sistemek egin dituzten ekarpenak fluxugrama jaso da; eta talde teknikoak profesionalek jaso beharreko prestakuntza definitu du”.

Melgosa sailburuak Espainiako gobernuak sustatutako Arana errefuxiatuen zentroari buruz ere hitz egin du, eta nabarmendu du “Eusko Jaurlaritza orain arte funtzionatu duen jarduera-eredu bat baino ez dela defendatzen ari, eta eredu horretan eskumena duen Ministerioa ere inplikatu dela”.

Aranzadik zenbait udaletan egin dituen memoria-txostenekin sortutako polemikaren aurrean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren estrategia, “memoriari dagokionez eta, zehazkiago, oraintsuko memoriari dagokionez, argia eta irmoa da”. Eta printzipio hauetan oinarritzen da: Memoria bat izan behar du, eta memoria horrek ezin du biktimen eta biktimagileen nahasmena sortu; memoria horren erreferente nagusia biktima guztiak izango dira; ez du justifikatzen, ez du legitimatzen, ez du baztertzen, ez du parekatzen, ez du konpentsatzen; Euskadin bizi izan diren terrorismoko eta indarkeria politikoko esperientziak kontuan hartuta, memoria kritikoa eta etikoa izan behar du nahitaez; giza eskubideen urraketa oro erabat bidegabea izan zela eta dela aldarrikatzen du. Azken batean, bizikidetzarako eta ez errepikatzeko memoria.

Azkenik, sailburuari egindako elkarrizketan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan emakume batek Zeledonena egin dezakeen galdetu diote. “Blusen eta Nesken Batzordeak erabakiko duena izango da”, adierazi du. “Batzordeak pertsonarik onena aukeratzea erabakitzen du, eta pertsona hitza azpimarratu nahi dut, gasteiztarren balioak islatuko dituena”, ondorioztatu du sailburuak.

Informazio gehigarria